MENDIKO ISTRIPUA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Laguntza eskatu dute Panticosan hildako mendizale nafarraren txakurra aurkitzeko

Larunbatean irten zen mendizale gaztea ibilbide bat egitera bere bi txakurrekin. Erreskate taldeek mendizalearen eta animalietako baten gorpuak  aurkitu zituzten Neveras mendiaren magalean. Bigarren zakurraren arrastorik ez dago.

Bilatzen ari diren zakurraren irudia. 

Guardia Zibilak laguntza eskatu du asteburuan Panticosan hildako mendizale nafarraren txakurra aurkitzeko. Pico de las Neveras mendian, gune malkartsu batean erorita hil zen gaztea.

Zabaldu duten mezuaren arabera, Kona izena du eta Golden arrazako zakur mestizoa da. Animalia atsegina dela, bere izenari erantzuten diola eta 30 kilo inguruko pisua duela jakinarazi dute.

Mendizale nafarraren bilaketa igande goizean hasi zen. Senide batek jakinarazi zuen Baños de Panticosa inguruan ibilbide bat egitera atera zela larunbatean bere bi txakurrekin batera eta ez zela itzuli.

Abisuaren ondoren, Panticosako GREIMa, Huescako Aire Unitatea eta 061eko medikua aktibatu ziren. 15:10 aldera, mendizale gaztearen eta txakurretako baten gorpuak aurkitu zituzten Pico de las Neveras mendiaren hegaletako batean. 

Bigarren zakurraren arrastorik ez zuten aurkitu.

Gizarteari buruzko albiste gehiago

Gehiago kargatu