Euskal gazteak prestatuak eta toleranteak dira, baina emantzipatzeko arazo handiak dituzte
Gazteen Euskal Behatokiak argitaratutako 'Gazteen Adierazleak' txostenak euskal gazteen erradiografia interesgarria eskaini du. Gazteen % 72,6k seme-alabak izan nahi dituzte, baina atzeratu beharko dutela uste dutenak inoiz baino gehiago dira.
Gazte talde bat, artxiboko irudi batean. Argazkia: EITB Media
Euskal gazteria inoizko prestatuena da, alde handiz, eta duela hamarkada bat baino hobeto sartzen ari da lan merkatuan. Gazteek, baina, egiturazko arazoak dituzte gurasoen etxetik alde egiteko edo familia bat osatzeko.
Gazteak, halaber, toleranteagoak dira, gehiago erabiltzen dute euskara, feministagoak dira eta inoiz baino interes handiagoa agertzen dute politikaren inguruan, baina askok osasun mentalari lotutako arazoak pairatu dituzte eta gehienek uste dute euren gurasoek adin berean izan zutena baino okerragoa dela euren egoera gaur egun.
‘Gazteen Adierazleak’ txostenetik atera daitezkeen ondorioetako batzuk dira horiek. Dokumentua Gazteen Euskal Behatokiak argitaratu du, eta 125 adierazleri buruzko datuak biltzen ditu, Behatokiaren ikerketetatik zein bigarren mailako iturrietatik jasotakoak (Eustat, Eusko Jaurlaritzako sailak eta abar). Informazioa Euskal Autonomia Erkidegoko 16 eta 34 urte bitarteko gazteei buruzkoa da, nahiz eta adin-tarteak adierazlearen arabera aldatu.
Ikasketak eta prestakuntza
Gazteen formakuntzaren inguruko datu ugari jaso ditu txostenak, eta ondorio argi bat atera daiteke: gaur egungo gazteak inoizko prestatuenak dira.
Eskola modu goiztiarrean uzten dutenen tasa inoizko baxuena da. Horrela, 18 eta 24 urte bitarteko gazteen % 5ek soilik ez dute Bigarren Hezkuntzako bigarren etapa amaitu. Datu hori Espainiako batez bestekoa (% 13) baino 8 puntu txikiagoa da, eta baxuena da erkidego guztien artean. Hego Euskal Herri osoari erreparatuz, Nafarroan eskola modu goiztiarrean uzten dutenak % 9 dira.
Goi-mailako tituludunen ehunekoa ere inoizko altuena da. EAEko 25 eta 34 urte bitarteko gazteen % 61,2k goi-mailako tituluren bat dute (goi-mailako lanbide-heziketako zikloak, unibertsitate-graduak eta abar). Nafarroan, datua antzekoa da (% 60,4). Estatu mailan, berriz, gazteen % 52,6k dute goi-mailako titulu bat.
Euskara eta ingelesa
Euskararen ezagutzari eta erabilerari dagokionez, txostenak datu positiboak dakartza. 15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 80k ondo hitz egiten dute euskaraz. Aldea nabarmena da orain dela urte batzuetako datuekin alderatuta: 1989an, gazteen % 24,2k esaten zuten euskara ondo hitz egiten zutela, eta 2004an % 52k. Gaur, 15-19 adin-taldeari erreparatuz, % 85ek hitz egiten dute ondo euskaraz.
Lagunen artean euskaraz nagusiki hitz egiten dutenen ehunekoa ere handitu da, nahiz eta lurraldeen arteko aldeak oso esanguratsuak izan. Gipuzkoan % 63,6k hitz egiten dute nagusiki euskaraz lagunen artean (duela hamarkada bat baino 4 puntu gehiago eta 2001ean baino 20 gehiago), Araban % 27,5ek (2001ean baino ia 20 puntu gehiago) eta Bizkaian % 24,5ek (2006ko ehuneko bera). Dokumentuak ez du Nafarroari eta Iparraldeari buruzko daturik jaso atal honetan.
Ingelesaren ezagutzari dagokionez, 15 eta 29 urte bitarteko gazteen %66,5ek ondo hitz egiten dute ingelesez; 1989an %12,1 ziren eta 2004an %28,6.
Enplegua eta soldata
Gazteen Euskal Behatokiaren txostenak gazteen egoera ekonomiko eta laboralari buruzko informazio ugari ere eskaintzen du. Langabezia-tasa % 10,9an dago, azken hamarkadetako mailarik baxuenetako bat; aldea nabaria da 2014ko % 29,5arekin erkatuta.
Horrela, lan-merkatuan sartzeko datuak hobeak dira, baina aldi baterako kontratuen tasa oraindik handia da (% 40) eta hileko batez besteko soldata garbia 100 eurotan baino ez da handitu 2010etik, prezioek gora egin duten arren. Gaur, 18 eta 34 urte bitarteko gazteen batez besteko soldata 1.564 eurokoa da; 18-29 urtekoen soldatari erreparatuz, baina, 1.381 eurora jaisten da.
Emantzipazioa eta etxebizitza
Soldata baxu horiek, etxebizitzen prezioekin batera, eragin nabarmena dute gazteen emantzipazioari dagokionez, eta atal horretan Euskadik Europa mailako posizio txarrenetako bat du.
Datuak kezkatzeko modukoak dira. Emantzipazio-tasa % 32,3koa da, krisi ekonomikoaren urteetan baino okerragoa eta Espainiako batez bestekoa baino zertxobait txarragoa.
Egoera are larriagoa da Europako datuekin alderatuta. Finlandian edo Danimarkan, esaterako, % 82tik gora dago gazteen emantzipazio-tasa, Euskadin baino 50 puntu gehiago, eta Frantzian edo Estonian % 60,1ekoa da. Europar Batasunean, emantzipazio-tasa % 50,8koa da.
Etxebizitza eskuratzeko kostua da emantzipazio berantiar hori eragiten duen faktore garrantzitsuenetako bat. Merkatuko errentaren eta alokairuko gehieneko errenta onargarriaren arteko aldea 350 eurokoa da, inoizko handiena. Gauza bera gertatzen da gazte batek alokairura bideratu beharko lukeen soldataren ehunekoarekin (% 52,4). Egoera horren ondorioz, gazteen % 11,9k baino ez dute nahiago alokairua etxebizitza erostea baino; 2015ean ehuneko hori % 58,2koa izan zen.
Familia eta ugalkortasuna
Soldata mugatuen, etxebizitzen prezio altuen eta emantzipazio berantiarraren baturak testuinguru zaila sortzen du jaiotza-tasaren ikuspegitik.
Gazteen % 72,6k seme-alabak izan nahi dituzte; hala ere, amatasun eta aitatasun geroratuaren indizea mailarik altuenean dago: gazteen % 32k uste dute ezin izango dituztela seme-alabak eduki nahi duten adinean. Amatasunaren batez besteko adina 32,4 urtekoa da, Europako eta gainerako erkidegoetako batez bestekoa baino handiagoa.
Atzerrian jaiotako biztanle gehiago
Atzerrian jaiotako gazteen ehunekoak gora egin du azken urteetan. Azken datuen arabera (2025), Euskal Autonomia Erkidegoko 15-29 urteko gazteen % 21,5 atzerrian jaio da, 2010ean baino 6 puntu gehiago.
Atal honetan, hala ere, aldeak daude adin-taldeen arabera. 15-19 urtekoen taldean, atzerrian jaiotakoen ehunekoa % 12,6 da, baina 25-29 urtekoen taldean, berriz, atzerrian jaiotakoen ehunekoa % 30era iristen da.
Osasuna
Osasunari dagokionez, daturik deigarrienak gazteen osasun mentalarekin lotuta daude. Osasun-arazo kronikoen prebalentzia jaitsi da azken urteetan; hala ere, gazteen % 18,9k antsietate edo depresio arazoak izan dituzte. Emakumeen artean kopuru hori % 25,6koa da.
Gainera, bakardade-sentimendua nabarmen handitu da. 2018an gazteen % 1,6k esaten zuten bakarrik sentitzen zirela; gaur egun % 7,3 dira.
Bestalde, sedentarismo-tasa 22 puntu jaitsi da 2007tik, eta %10ean dago; tabako-kontsumoa erdira jaitsi da 15 urtean (%36,4tik %17,4ra); eta arriskuzko alkohol kontsumoa eta kanabis kontsumoa inoiz baino baxuagoak dira.
Balioak, politika eta berdintasuna
Gazteen balioei eta jarrerei dagokienez, politikaren inguruko interesa nabarmen igo da. Gazteen % 55ek diote politikan nahiko interesatuta edo oso interesatuta daudela; 2008an, aldiz, % 18 ziren, inoizko daturik apalena.
Horrekin batera, gazteen % 90,9k eutanasia babesten dute, % 92,1 sexu bereko pertsonen arteko ezkontzen alde daude, eta % 89,5ek abortu boluntarioaren alde egiten dute. Segurtasun-gabeziaren pertzepzioa handitu da, eta gazteen % 45,3k beldurra dute gauez kalean ibiltzeko; duela 20 urte %14k zioten hori.
Gizon-emakumeen arteko berdintasunari dagokionez, gizonen % 23,1ek uste dute emakumeek aukera gutxiago dituztela lanpostuetara iristeko; emakumeen artean ehunekoa % 48,5era igotzen da. Halaber, gizonen % 69,1ek beren burua feministatzat dute, eta emakumeen artean % 85,9k.
Ongizate pertsonalari dagokionez, 15-29 urte bitarteko gazteek 72 puntuko batez besteko balorazioa ematen dute (0-100 eskalan). Puntuazio hori duela bi urte baino zertxobait handiagoa da, baina 2013koa baino baxuagoa (80ra iritsi zen).
Etorkizunarekiko konfiantza-indizea inoizko baxuena da: 56ean kokatzen da (100 arteko eskalan). Honi lotuta, datu esanguratsu bat ageri da: gazteen % 49,6k baino ez dute uste beren gurasoek adin berean zuten egoera baino bizi-egoera hobean daudela. Daturik baxuena da serie historikoan. 2008an lau gaztetatik hiruk uste zuten gurasoak baino egoera hobean zeudela; gaur, berriz, erdiak baino ez.
Zure interesekoa izan daiteke
Gasteizko Mitika aretoaren auzia herri-epaimahai baten aurrean epaitzea baztertu du Gorenak
Arabako Probintzia Auzitegiak arrazoia eman zien akusatuaren defentsari eta Fiskaltzari, uste baitzuten gertakariak hobeto egokitzen zirela lesio-delitu batera, zuhurtziagabekeriazko homizidio batekin batera, eta horrek eragotzi egingo luke kasua herri-epaimahai baten aurrean epaitzea.
26 urteko emakume bat oso larri zauritu da Saratsan, auto-istripuan
Ezbeharra N-240-A errepideko 11,5 kilometroan jazo da. Larrialdi zerbitzuek ibilgailutik atera dute emakumea, eta anbulantzian eraman dute Nafarroako Unibertsitate Ospitalera, Iruñera. Guardia Zibila ezbeharraren nondik norakoak ikertzen ari da.
Garcia Ortizi aurre egin zion Madrilgo fiskala ordezkatu du fiskal nagusiak
Zehazki, Maria Isabel Martin Lopezek hartuko du Lastrak orain arte betetako kargua. Fiskaltzaren Idazkaritza Teknikoan aritu izan da 2018tik , fiskal nagusiaren laguntza-organoan. Lastrak bost urte zeramatzan karguan eta Madrilgo fiskal nagusi gisa jarraitu nahi zuen.
Global Sumud Euskal Herria: "Tirokatu gaituzte eta bueltatzeko agindu digute, baina aurrera jarraitzea erabaki dugu"
Israelgo soldaduak ontzira igo eta miaketa sakon bat egin dute Global Sumud Euskal Herriako aktibista batek zehaztu duenez. Soldaduen jarrera kritikatu dute eta gure artean Israelek dituen "konplizeak" ere aipatu dituzte.
Osakidetzak ebakuntza itunpeko zentroetan egiteko aukera eskainiko die 6 hilabete baino gehiago zain egondako 1.800 pazienteri
Alberto Martinezen hitzetan, Espainiako Osasun Ministerioa "Estatutu Markoa berritzeko moduan ez badago", Euskadi prest dago transferentziari ekiteko.
B1 maila lau urtean eta 120 euroren truke lortzeko Euskara Bonua aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak
Ibone Bengoetxea lehendakariordeak laburbildu duenez, doakotasun politika horren jauzia "hirukoitza" da; izan ere, "burokrazia murrizten du" izapide bakar batera; ikaskuntzaren kostu osoa "nabarmen murrizten du", "% 95eraino"; eta, azkenik, "lau urteko aukera" edukitzea "pizgarria" da, ikasleek B1 maila lortu arte jarrai dezaten.
Adinekoen zentroetan bingoan jokatzeko aukera irekiko du Legebiltzarrak
Proposamena Bilboko zahar-etxe batean izandako polemikaren ondoren etorri da. Zentroan 20 zentimoko kartoiekin jokatzen zuten, eta isunak jasotzeko mehatxua izan zuten.
Itxaron-zerrendan 180 egun baino gehiago daramatzaten pazienteei ebakuntza pribatuan egiteko aukera emango die Osakidetzak
Neurria borondatezkoa izango da, eta kirurgiako itxarote-zerrendak murriztea du helburu; izan ere, Euskadin 78 egunetik gorakoak dira, batez beste. Alberto Martinez Osasun sailburuak ohartarazi duenez, medikuen grebak elkarrizketarik eta aurrerapausorik gabe jarraitzen du, eta maiatz-ekainera arte luza daiteke.
Medikuak kalera irten dira Bilbon eta Donostian, eta grebaren inguruko tentsioa gora doa
Greban dauden medikuek salatu dutenez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak presioak egin ditu aparteko orduak egiten jarrai dezaten, eta Ministerioari leporatu diote "ardura inoren gain uztea".
Santurtziko lau adingabe atxilotu dituzte Instagram bidez beste adingabe bati sexu-estortsioa egiteagatik
Biktima Zaragozan bizi da eta mehatxuak eta estortsioa salatu zituen, bere irudi intimoak sare sozialetan zabaldu zituztela egiaztatu baitzuen.