Eusko Jaurlaritzak baieztatu du gero eta biktima gazte gehiago daudela indarkeria matxistagatik jasotzen diren deietan
2025ean, SATEVI zerbitzuak 2.054 eskatzailek egindako 3.087 arreta telefoniko erregistratu zituen, eta % 90 baino gehiago bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako indarkeriari lotuta izan ziren.
Eusko Jaurlaritzak baieztatu du indarkeria matxistaren biktima diren gero eta emakume gazte gehiago direla 900 840 111 zenbakira deituta laguntza eskatzen dutenak, eta, gehienetan, bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako indarkeriari lotutako kasuak izaten dira.
Martxoaren 8aren (Emakumearen Nazioarteko Eguna) bezperan, Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak indarkeria matxistaren biktimei telefono bidez laguntzeko SATEVI zerbitzuaren azken datuak aurkeztu ditu ostegun honetan.
Profesional espezializatuek artatzen duten zerbitzua da; berehalako orientazioa eta laguntza eskaintzen ditu, babes- eta laguntza-baliabideak aktibatzeko, eta beste zerbitzu batzuekin koordinatuta jarduten du.
Irudia: EITB
2025ean, zerbitzuak 3.087 telefono-arreta erregistratu zituen: % 64 Bizkaian, % 20 Gipuzkoan eta % 14 Araban; gainerakoak, Euskaditik kanpo.
1.495 biktima artatuta
SATEVIko profesionalek egindako arreten artean, 1.495 emakume biktimari eman zitzaien arreta. Adinari buruzko datua zuten emakumeen artean (605), talderik ugariena 41-50 urtekoa izan zen (% 26,9), baina hurbil daude 18-30 urteko taldea (ia % 23) eta 31-40 urtekoa (% 21,8). “Horrek erakusten du emakume gazteek gero eta pisu handiagoa dutela zerbitzuan”, nabarmendu du sailburuak.
Irudia: EITB
Biktima gehienak (% 76 inguru) Espainiako nazionalitatea zuten, eta ia % 45ek seme-alaba adingabeak edo beste pertsona batzuk zituzten ardurapean. Hori kontutan hartuta, SATEVIko profesionalen ustez, milatik gora adingabe egon daitezke babesgabetasun-arriskuan, indarkeriaren esposizioagatik.
Melgosa sailburuak nabarmendu duenez, 10 arretatik ia 8 (% 79) indarkeria-egoeran zeuden emakumeek egin zituzten, eta % 15ek ingurukoek, laguntza eskatzeko eta jarraibideak jasotzeko. “Ingurunea funtsezkoa da” indarkeria-egoeretatik atera ahal izateko, adierazi du.
Bikotekidearen edo bikotekide ohiaren indarkeria
2025ean, telefono-zerbitzura egindako deien % 90 baino gehiago bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako indarkeriagatik izan ziren; aurreko urtearekin alderatuta, ia % 3 egin zuen gora.
Familia barruko genero-indarkeriari lotutako deiak % 5 izan ziren, eta sexu-askatasunaren aurkako delituekin lotutakoak, % 4.
Bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako indarkeriaren kasuetan, indarkeria psikologikoa kasu guztietan atzeman zen. Gainera, kasuen % 69an indarkeria fisikoa egon zen; % 36an, sexu-indarkeria; eta % 35ean, indarkeria ekonomikoa.
Irudia: EITB
Esku-hartzeen % 92tik gora, SATEVIko profesionalek laguntza eman zuten, eta beharrezkotzat jo zutenean, aurrez aurreko arreta-zerbitzuetara bideratu zuten. Baliabideetara bideratutako kasuetan, Biktimari Laguntzeko Zerbitzua (% 10,6) eta gizarte-zerbitzuak (% 8,4) nabarmendu ziren.
Txat bidezko arreta-kanala
2025ean jasotako dei ugari 016 telefonotik bideratutakoak izan ziren (% 40): genero-indarkeriaren biktimei laguntzeko Espainiako telefono ofizialetik Euskal Autonomia Erkidegoko zerbitzura bideratutakoak. Aurten, zerbitzua txat bidezko arreta-kanal bat ezartzeko eta esku-hartze komunitarioko plan bat diseinatzeko lanean ari da, lurralde-koordinazioa indartzeko.
Melgosa sailburuak zerbitzu hori izateko beharra defendatu du, eta bertara jotzeko deia egin du: “Indarkeria-egoeran bazaudete, deitu 900 840 111 telefonora. Irteerak eta baliabideak daude”.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera