Kaio hankahori batek hegazti-gripea duela hauteman dute Lasarte-Orian
Udalak "hildako zein gaixotutako hegaztiekin, haien gorotzekin eta jariakinekin kontakturik ez izatea" gomendatu du.
Kaio hankahori bat. Artxiboko argazkia: Europa Press
Hegazti-gripearen hainbat foku hauteman dituela baieztatu du Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Sailak. Azken kasua Lasarte-Orian hauteman dute.
Lasarte-Oriako Udalak ohar bidez eskatu du gaixorik zein hilda dauden hegaztiak ez ukitzeko, eta horietako aleren batekin topo eginez gero 112 larrialdi telefonora deitzeko.
Gaitzarekin kutsatutako kaio hankahori bat hauteman dute Lasarte-Orian, agintariek egin ohi duten jarraipenaren baitan.
Gizakiok ezin gara kutsatu, baina Eusko Jaurlaritzak egoera zaintzen jarraitzen du. Ildo horretan, hilik zein gaixorik dauden hegaztiak eta haien gorotz eta jariakinak ez ukitzea gomendatu du Lasarte-Oriako Udalak.
Gainera, animalia basatiak ez elikatzearen garrantzia azpimarratu du Udalak, izan usoak, kaioak zein katuak, eta horretarako herritarren laguntza eskatu du.
Kalean jatekoa uzteak animaliak gerturatzea eragiten du, eta horrek gaixotasunak transmititzeko arriskua areagotzen duela nabarmendu du Udalak.
Zure interesekoa izan daiteke
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu, helegitea aurkeztu edo ez erabaki eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langile baten kaleratzea berretsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak