Gidari bat atxilotu dute Tuteran, A68an kontrako noranzkoan 11 km gidatzeagatik
Alkoholaren eraginpean zegoen, eta gidabaimena indarrean izan gabe zirkulatzen ari zen.
Tuterako polizia-etxeko foruzainek 54 urteko gidari zaragozar bat atxilotu dute gaur goizaldean Ebroko autobidean (A68). Kontrako noranzkoan hamaika kilometro baino gehiago gidatu ditu, alkoholaren eraginpean eta gidabaimenik gabe.
04:30 aldera, Foruzaingoaren Aginte eta Koordinazio Zentroak A68 errepidean zihoazen hainbat gidarien larrialdi-deia jaso du.
Foruzainek ohar bidez jakinarazi dutenez, gidaria geldiarazten saiatu ziren hots-eta argi-seinaleen bidez, baina ez zuten lortu. Hori dela eta, ibilgailuaren atzetik abiatu ziren, geldiarazteko asmoz.
Gidariak 0.78 mg/L-ko tasa eman zuen proban. Gainera, gidabaimenik gabe ari zen zirkulatzen, kendu ziotelako. Ondorioz, dagokion delitua egotzi zaio.
Hala ere, aske utzi dute, Tuterako zitazio judizialaren zain. Ibilgailua epailearen esku geratu da.