Hil egin da Barakaldoko sutean leiho batetik erori zen gizona
48 urteko gizona Gurutzetako Ospitalera eraman zuten, larri, sugarretatik ihesi leiho batetik erori ostean. Beste hiru gizon zauritu ziren atzo goizaldean El Carmen kalean izandako sutean.
48 urteko gizon bat hil da Gurutzetako Ospitalean, Barakaldoko El Carmen kaleko etxebizitza batean atzo piztu zen sutean leiho batetik behera erorita egindako zaurien ondorioz. Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, hirugarren solairuan piztutako sutetik ihes egin nahian ari zela erori zen.
46, 48 eta 60 urteko beste hiru gizon ere zauritu ziren, eta Barakaldoko osasun-zentroetara eraman zituzten. Bat Gurutzetako Ospitalera eraman zuten, eta beste biak, berriz, San Eloy Ospitalera.
Sutea goizaldeko 5:50ak aldera hasi zen, eta suhiltzaileek berehala itzali zuten. Etxebizitzako zortzi auzokideek etxetik alde egin behar izan zuten, baina lanak amaitutakoan itzuli ahal izan ziren.