Gaur hasiko da Pablo Gonzalezen aurkako epaiketa Polonian, espioitza leporatuta
Kazetaria Ukraina eta Polonia arteko mugan atxilotu zuten 2022ko otsailean, Errusiak Ukraina inbaditu eta egun gutxira, Errusiako zerbitzu sekretuko espioia izatea egotzita.
Pablo Gonzalez. Artxiboko argazkia: Europa Press
Pablo Gonzalez kazetari euskal herritarraren aurkako epaiketa astearte honetan hasiko da Varsovian (Polonia), Errusiaren aldeko espioitza lanak egitea egotzita. Hiru eta hamabost urte arteko kartzela zigor eskaerari egin beharko dio aurre.
Poloniako zerbitzu sekretuek 2022ko otsailean atxilotu zuten Gonzalez, Errusiak Ukraina inbaditu eta egun gutxira, Errusiaren alde lanean zebilen espioia zelakoan.
2024ko abuztuan askatu zuten Mendebaldeko herrialdeen eta Errusiaren arteko preso truke handi batean, eta Vladimir Putin Errusiako presidenteak harrera egin zion, Moskuko aireportuan. Geroztik, bertan bizi da.
Delitu larri bat leporatzen diotenez, gutxienez lehen entzunaldi batean egon beharko du, bere aurkako akusazioak entzun ditzan.
Hala ere, haren abokatuak aurreratu duenez, Gonzalez ez da joango.
Kazetaria epaiketan agertzen ez bada, auzitegiak prozesuarekin jarraitu dezake edo nazioarteko atxilotze-agindua helarazi diezaioke Interpoli.