Pertsona bat hil da Bermeon, etxebizitza batean izandako sute batean
73 urteko gizona etxebizitzatik atera dute, konorterik gabe, eta osasun-langileek artatu dute, baina ezin izan dute ezer egin hura salbatzeko.
73 urteko gizon bat hil da gaur arratsaldeko lehen orduan, Bermeon, etxebizitza batean izandako sute baten ondorioz.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 13:30ak pasata, Bermeoko Udaltzaingoak abisua jaso du, herriko etxebizitza batean sute bat piztu dela ohartaraziz. Larrialdietako zerbitzuak bertaratu dira, eta suhiltzaileek sugarrak amatatu dituzte.
Etxebizitzaren barrualdetik gizon bat atera dute, konorterik gabe. Osasun-langileek artatu dute, baina, zoritxarrez, tokian bertan hil da.
Ertzaintzak ikerketa abiatu du gertakariaren nondik norakoak argitzeko.