Osakidetzak Eleder Rios izendatu du Larrialdietako zuzendari
Osakidetzak Eleder Rios erizain bizkaitarra izendatu du Larrialdietako zuzendari, Pablo Buscaren ordez (osasun-arrazoiengatik utzi zuen kargua). Izendapenak ikuspegi asistentzial zuzena, lidergo berritzailea eta esperientzia ditu lehen lerroan.
Osakidetzak Eleder Rios Lorenzo izendatu du Larrialdietako zuzendari. Derioko erizainak, 34 urtekoa bera, bere gain hartu du Pablo Busca Ostolazak betetzen zuen erantzukizuna; hark osasunarrazoiengatik utzi zuen kargua.
Rios Erizaintzan graduatua da, EHUn, eta Larrialdien Kudeaketan eta Babes Zibilean Masterra du. Esperientzia handia du Bizi Euskarri Aurreratuan eta Koordinazio Zentroan. Arlo horietan hamar urte baino gehiago eman ditu lanean Osakidetzan. Bere ibilbide profesionalean ospitalez kanpoko koordinazioan eta ingurune kritikoetan konplexutasun handiko esku-hartzen ere jardun du.
Osakidetzak azaldu duenez, Riosek lidergo berritzailea ekartzea da helburua, asistentzia-praktika eta plangintza estrategikoa uztartuz. Horrela, Osasun Sailak erizaintzako ezagutza indartu nahi du, hainbat erronkari aurre egiteko, hala nola premiazko eskaera handitzea, kronikotasun konplexuari arreta ematea eta larrialdiko esku-hartzeetan kalitatea eta segurtasuna hobetzea.
Osasun-zerbitzu publikoak erantzun-denborak optimizatzeko, taldeen arteko koordinazioa indartzeko eta ospitale-aurreko gailuen, anbulantzien eta ospitaleetako larrialdi-zerbitzuen arteko protokoloak eguneratzeko lan egingo du. Horrela, Osakidetzak plan funtzionaletan aurrera egin nahi du, egoera kritikoen aurrean prestakuntza eta erantzun azkarra lehenesteko.