Gizon batek bikotekidea hil du, jipoia eman eta ondorioz hiru egunez ZIUn egon ondoren, Catarrojan
Erasoaren ustezko egilea atxilotu egin zuten, eta asteartean epaileak aske utzi zuen kautelazko neurriekin; erabakia hartu eta ordu batzuetara hil da emakumea, zaurien ondorioz. Asteazken goiz honetan, atxilotzeko agindua eman du epaileak, ihes egiteko arriskuagatik, eta erasotzailea berriro atxilotu dute.
Gizon batek 48 urteko bikotekidea hil du, Valentzian, jipoi bortitza emanda.
Erasoa ostiraletik larunbaterako gauean gertatu zen, biktima eta ustezko erasotzailea bizi ziren etxean, Catarrojan (Valentzia).
Gizonak sekulako jipoia eman zion emakumeari, eta Valentziako La Fe Unibertsitate Ospitalera eraman zuten. Bertan hiru egunez egon da, koman, eta hil egin da azkenean.
Haren bikotekidea, 43 urteko gizona, Alfafarreko Polizia Judizialeko agenteek atxilotu zuten erasoaren ostean, eta epailearen esku utzi zuten atzo. Epaileak aske utzi zuen, kautelazko urruntze-neurriarekin. Une horretan emakumea bizirik zegoen.
Emakumea ospitalean hil ostean, asteazken goiz honetan, Emakumeen aurkako Indarkeriaren arloko Epaitegiak atxilotzeko agindua eman du, ihes egiteko arriskuagatik, eta erasotzailea berriro atxilotu dute, ikerketako iturriek jakitera eman dutenez.
Guardia Zibilak ikerketa zabalik du.