Milaka lagun bildu ditu Euskalgintzaren Kontseiluak Bilbon, euskararen aldeko pizkundearen akuilu izan daitezen
Euskararen aldeko pizkunde berri baten premia gizarteratzea eta hizkuntza-politiketan jauzia emateko adostasun soziopolitikoa bultzatzea helburu duen ekitaldia egin dute Bilbao Arenan. 2026ko ekainaren 13rako hitzordua ere jarri dute euskaltzaleek.
6.000 lagun baino gehiago bildu ditu Euskalgintzaren Kontseiluak larunbat honetan Bilbao Arenan, euskararen "pizkunde" berri baten aldeko “txinparta” pizteko asmoz.
Euskara larrialdi linguistiko egoeran dagoela gogoratu dute baina itxaropenerako aukera ere badagoela aldarrikatu dute. Gakoa, besteak beste, hizkuntza-politiketan jauzi bat egitea dela defendatu dute.
Euskara Euskal Herri osoan ofiziala izatea bermatzeko eskatu diete erakundeei, eta herritarrei, berriz, hitz egin dezatela euskaraz, "hizkuntza arriskuan egon den guztietan, aurrera egitea bermatu" duena hori izan delako.
17:25 jota zirenean abiatu da aldarrikapena eta euskal kulturaren sustapena uztartzen dituen ekitaldia. Herritar arruntekin batera, EAJko, EH Bilduko, Geroa Baiko eta EH Bai ordezkariak ere izan dira Bilbon, baita Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua ere, bere saileko hainbat kiderekin batera. Bengoetxearen hitzetan, "euskarak pertsona guztiak behar ditu", baita "aliantza zabalak" ere.
EH Bilduren Izenean, Pello Otxandiano Legebiltzarreko bozeramaileak berretsi du euskarak "beste pizkunde bat behar duela" eta "bestelako neurri politikoak hartzea ezinbestekoa" dela.
Ekitaldia hasi berritan, Lorea Agirre Jakineko zuzendariak egin du Kontseiluaren izenean lehen hitzartzea Martxelo Otamendi Egunkariako zuzendari ohiarekin batera. Euskararen normalizazioaren eta biziberritzearen alde lan egiten duten 30 erakunde eta gizarte-eragile baino gehiago biltzen ditu Kontseiluak.
Larrialdi linguistikoaren inguruko gogoeta egin dute biek, baita itxaropenerako deia ere: "Nahiko genuke gauzak ondo doazela esatea, baina hori gure burua engainatzea litzateke. Etorkizuna dago jokoan", esan dute. Izan ere, azken eraso judizialek, besteak beste, euskararan "desofizilizatzea" nahi dutela ohartarazi dute. "Denon arteon emango diogu beste pizkunde bat euskarari. Euskaltzaleon garaia da!", adierazi dute.
Hitzartzez hitzartze, euskalgintzako eragile ugarik parte hartu dute festa kutsua ere izan duen ekitaldian: Itziar Ituño, Ramon Agirre, Miren Gaztañaga, Edurne Azkarate eta Olaia Aguayo aktoreek; Gontzal Mendibil eta Flako Fonki, Amets Aranguren eta Joseba Tapia, zein Gorka Urbizu eta Maia Iribarne kantariek; Mejillon Tigreren performanceak; eta Ane Labaka eta Aitor Etxebarriazarraga bertsolariek, besteak beste.
Kontseiluaren izenean egindako bigarren hitzartzean, Aize Otañok (AEK) eta Sebastien Castetek (Euskal Konfederazioa) esan dute adostasun handi bat dagoela Kontseiluan. "Jauzi bat behar da hizkuntza-politiketan, hori da euskarari etorkizuna bermatzeko bidea, justizia sozialean eta gizarte kohesioan sakontzekoa", eta horretarako euskara Euskal Herri osoan ofiziala behar duela izan defendatu dute, eta "zeharlerrotasunez euskararen alde egin, ezagutza orokortu eta erabilera normalerako baldintzak sortu" behar direla.
"Horretarako baditugu tresnak: euskalgintzak metatutako ezagutza, giza kapitala eta engaiamendua", horren hitzetan.
Ekitaldiaren amaiera aldera, Lurdes Iriondori omenaldia egin diote Bilbao Arenan bildutakoek, heriotzaren 20. urteurrenean.
Ondoren, Kontseiluaren hirugarren hitzartzea izan da. Bertan, Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak "euskararen normalizazioa eraldaketa soziala" dela aldarrikatu du, "aldaketa sakon eta iraunkor hori ezinbestekoa delako euskarak biziraun dezan" eta horretarako "ezinbestekoa da oinarri sozial zabal bat", esan du.
Kontseiluko idazkari nagusiak azaldu duenez, "Iparraldeko hiztunen proportzioak behera egin du azken urteotan", eta Nafarroan "hamar ikasletik seik ez dute inolako harremanik euskararekin".
Globalizazioa, digitalizazioa eta indibidualismoa "hizkuntza gutxituen aurka eta boteretsuen alde" doazela ere esan du.
Eskisabelek "euskararen aurkako erasoek" sortzen duten "mina" eta "euskaldunen eskubideen urraketen aurrean isilik egon beharrean, jende askok helarazi dien topaguneen beharra" ere aipatu ditu.
Eraso horiei guztiei aurre egiteko "oinarri sozial zabala" ezinbestekoa dela adierazi du, eta helburu horren inguruan azken bost urteetan ehuntzen joan diren sareak azaldu ditu. Lanketa horren ondorioz, hizkuntza politika berri baterako akordio soziopolitikoa sortu dela ere azaldu du eta dagoeneko 140 atxikimendu baino gehiago ere lortu dituztela. Euskararen ezagutza orokortzea eta euskalduntzea erabat doakoa izatea defendatu ditu, besteak beste.
Eskisabelek "aro berri bati ekiteko" deia egin du, "olatu erreakzionarioa orokortzen ari den honetan" ezinbestekoa delako "euskaltzaletasuna lehen lerrora ekartzea".
2026ko ekainaren 13rako hitzordu berria ere mahaigaineratu du: "Berriro ere elkarrekin arnasa hartzeko, elkar elikatzeko, elkar hauspotzeko. guztion beharra du euskarak, guztion beharra du pizkundeak", esan du Eskisabelek.
Ekitaldian parte hartu duten guztiak oholtzara igo eta "Euskal Herrian euskaraz" abestia abestuz amaitu da jaia, Miribillan bildutako guztien ahotsez lagunduta.
Hunkituta, eta euskararen alde ariketa kontzientea egiteaz hitz egin diote bertaratuetako askok eta askok ETBri.
Zure interesekoa izan daiteke
Zauritu bat, Getxoko Fadura futbol zelaian, zaleen arteko borroka batean
Antza denez, bi zale elkarren kontra borrokatu dira, eta horietako bat zauritu da. Larrialdi zerbitzuei abisua eman diete, eta, azkenean, ez dute osasun-zentro batera eraman behar izan.
Gizaseme bat atxilotu dute Gasteizen, pertsonen trafikoa egotzita
Lehen ikerketen arabera, furgonetan zihoazenek dirua ordaindu zuten Frantziatik atera eta Espainiako joateko.
Melgosa: "Prebentzioan eta hezkuntzan gogor egin behar da lan, kirolean indarkeria saihesteko"
Partiduetara joan aurretik "frustrazioak etxean uzteko" eskatu du Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, eta helduengan jarri du arreta, "haurrek ikusten dutena ikasten baitute".
Irungo Landetxa futbol taldeko jokalari eta zaleek Hernanin izandako jarrera ikertuko du Gipuzkoako Futbol Federazioak
Larunbat gauean jokatu zen partidan, irain eta mehatxuak egin omen ziren 17 urteko arbitroaren kontra, eta Ertzaintzari abisua eman behar izan zioten ezer gerta ez zedin.
24. Korrikak euskara komunitatea dela aldarrikatu, eta aurrera egiteko deia egin du amaierako mezuan
Lehen aldiz, mezu kolektiboa izan da Korrikarena, Euskal Herriko zazpi lurraldeetako beste horrenbeste gaztek idatzitakoa. "Euskara gara diogu, ez euskara naiz. Komunitateaz ari gara", azpimarratu dute Oierrek, Oihanak, Elene Mengyuk, Beñatek, Aitzolek, Xalbatek eta Leirek. Amaitzeko, oraina eta etorkizuna jomugan jarri dituzte: "Aurrera goaz, bazatoz?".
Nortzuk dira Korrikaren mezua idatzi duten zazpi lagunak?
Herrialde bakoitzeko euskaldun eta euskaltzale batek parte hartu du aurtengo mezu kolektiboan, tartean Txinan jaiotako barakaldarrak edo Union Tutera taldearen sortzaileak.
Hauxe da aurtengo Korrikaren mezua, zazpi gaztek idatzia, lurralde bakoitzeko bat
Hauek izan dira 24. Korrikaren mezua idatzi eta irakurtzeko ardura izan duten 7 gazteak: Oier Iñurrieta Garmendia gasteiztarra, Oihana Arana Cardenal gipuzkoarra, Elene Mengyu Larrinaga Bilbao bizkaitarra, Beñat Jusue Rosano nafarra, Aitzol Gil de San Vicente Pla hendaiarra, Xalbat Alzugarai Etxeberri baxenabartarra eta Leire Casamajou Elkegarai zuberotarra.
Lehendakariak ere eraman du lekukoa
Imanol Pradales lehendakariak Korrikaren lekukoa hartu du Bilbon, 3.371 kilometroan, Ibone Bengoetxea lehendakariordearekin batera.
Korrikaren amaiera
Zuzenean 24. korrikaren amaiera.
Motozale bat hil da AP-68 autobidean, Zuian, izandako zirkulazio istripu batean
Ibilgailuaren gidaria bidera erori da ezbeharraren ondorioz.