Gaueko guardiako zerbitzua eskaintzen duen bigarren farmazia ireki dute Gasteizen
Gaueko guardiako zerbitzua eskaintzen duen bigarren farmazia bat ireki berri dute Gasteizen. Orain arte, Ortiz de Zarate kalean kokatutako farmazia izan da gauero zabalik egon den bakarra, baina, aurrerantzean, beste bat gehituko zaio, errefortzu-zerbitzu modura.
Hiriko gainerako farmazien artean txandakatuz joango dira, herritarren beharretara egokitzeko, eta horri dagokion informazio guztia farmazialarien elkargoaren webgunean kontsulta daiteke.
Isabel Lopez de Heredia farmazeutikoaren arabera, hirian "nahikoa da" guardiako zerbitzua eskaintzen duten bi farmaziekin. Gasteiztarrek, ordea, oso pozik hartu dute gauero bi farmazia eskuragarri izatea, eta besteren bat gehitzea ere ona izango litzatekeela uste dute.
Dena dela, Lopez de Herediaren arabera gaueko zerbitzu horrek ez die inolako irabazirik ematen; izan ere, “farmazialari guztiok kuota bat ordaintzen dugu zerbitzua zabalik mantentzeko”.
Eusko Jaurlaritzak hartu du gaueko guardiako zerbitzua eskaintzen duen bigarren farmazia irekitzeko erabakia, Gasteizko iazko errolda kontuan hartuta; izan ere, 250.000 biztanleko kopurua gainditu du hiriak. Larrialdiren bat izanez gero, beraz, aurrerantzean errazagoa izango da botikak eskuratzea.
Testuinguru horretan, Bilboren parean jarri da Gasteiz, gauez guardiako bi botika izanda. Donostian eta Iruñean, berriz, lau dituzte.