Makinista bat hil da, tren istripuz, Bartzelonako Gelida herrian
Gainera, 37 pertsona zauritu dira, horietako bost larri. Euste-horma bat trenbidearen gainera erori da Rodaliesetako R4 linean, eta han zebilen tren batek horren kontra talka egin du. Rodalieseko trenen zirkulazioa etenda dago Katalunia osoan.
Tren gidari bat hil da eta 37 pertsona zauritu dira, horietatik bost oso larri, Bartzelonako Gelida udalerrian, bart Rodalies Kataluniako aldirietako tren batek bidera erori den euste-horma batekin talka eginda.
Istripua astearte honetako 21:00ak aldera gertatu da. Lehen hipotesien arabera, azken egunetan Katalunian izandako euriteen ondorioz, euste-horma trenbidera erori da eta horrek eragin du ezbeharra. Trena Sant Vicenç de Calders (Tarragona) eta Manresa (Bartzelona) arteko bidea egiten ari zen.
Euste-horma lehen bagoiaren gainera jausi da, eta makinista bertan hil da. Azken balantzearen arabera, 37 zaurituetako bost oso larri daude, eta sei, egoera larrian.
Ezbeharraren ondorioz, Ferrocat tren larrialdien plana abiatu dute, eta Rodaliesetako trenen zirkulazioa etenda dago Katalunia osoan.
Ez da bart Katalunian gertatu den tren istripu bakarra izan. Beste tren bat bidetik atera da, trenbidera eroritako arroka baten aurka talka eginda, denboralearen ondorioz.
Istripu hori Rodaliesen R1 linean gertatu da, Maçanet Massanes eta Tordera artean (Bartzelona). Adifeko iturrien arabera, tren horretan hamar bidaiari zihoazen eta ez da inor zauritu.