Trenbidea hondatuta zegoen Iryo trena igaro aurretik, lehen hipotesi ofizialaren arabera
CIAF trenbideko ezbeharrak ikertzeko batzordearen behin-behineko txostenaren arabera, gurpiletan aurkitutako markak "bateragarriak dira erreia hautsita egotearekin".
Adamuzen istripua izan zuten bi trenak. Artxiboko argazkia: EFE
Kordobako tren istripua zerk eragin duen aztertzen ari den CIAF Trenbide Istripuen Ikerketa Batzordearen behin-behineko txostenaren arabera, erraila hautsita zegoen eta horrek eragin zuen Iryo trena bidetik ateratzea. 45 pertsona hil ziren istripu horretan.
Ezbeharra gertatu eta gutxira ondorioztatu zuten trenbidea hautsita zegoela, baina hori istripuaren beraren kausa edo ondorioa oten zen argitzeke dago oraindik. Lehen zantzuen arabera, kausa izan da.
CIAFen arabera, istripua izan zuen Iryo trenaren gurpiletan aurkitutako koskak eta erreian ikusitako deformazioa "bateragarriak dira erreia hautsita egotearekin".
"Horrenbestez, errailaren haustura istripua izan zuen Iryo trena pasatu baino lehen gertatu zela ondoriozta daiteke", zehaztu dute.
Edozein kasutan, hipotesi hori froga eta datuekin berretsi beharko dela nabarmendu du.
Markak gurpiletan
CIAFek baieztatu duenez, Iryo trenaren gurpil batzuetan urradurak atzeman dituzte, eta patroi geometriko berdina duten beste hainbat ere, aldez aurretik trenbide horretatik pasatu ziren trenetan.
Iryo trenean aurkitutako markez gain, beste hiru trenetan ere koskak hauteman dituzte, patroi geometriko bateragarria dutenak. Hiru tren horiek istripua baino lehen igaro ziren Adamuz paretik: Renferen 130 trena, 19:09 inguruan; Iryoren 109-003 trena, 19:01 inguruan, eta Iryo 109-011 trena, 17:21 inguruan