Fiskaltzak artxibatu egin ditu Julio Iglesiasen aurkako eginbideak Auzitegi Nazionalaren "eskumen faltagatik"
Ezin da helegiterik aurkeztu erabakiaren kontra. Biktimek "borrokan" jarraituko dutela azpimarratu dute. Women's Link elkartearen eta Amnistia Internazionalaren arabera, "tamalgarria" da ikerketa artxibatzea.
Julio Iglesias abeslariaren omenezko horma-irudi bat Punta Canan (Dominikar Errepublika). Argazkia: EFE
Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak artxibatu egin ditu Julio Iglesias abeslariaren kontra bi langile ohik sexu-erasoak egotzita aurkeztutako salaketaren eginbideak. Argudiatu duenez, ez du eskumenik Karibeko herrialdean gertatutakoak ikertzeko.
Artxibatzeko dekretuaren arabera, "Espainiako epaitegien jurisdikziotik kanpo dago auzia, eta, hortaz, Fiskaltzak ez du eskumenik salatutako gertakarien ikerketa aurreprozesala egiteko".
Iturri juridikoen arabera, ezin da erabakiaren kontrako helegiterik aurkeztu. Biktimek "beste epaitegi batzuetan aurkez dezakete salaketa", Ministerio Publikoak zehaztu duenez.
Fiskaltzak Auzitegi Gorenaren jurisprudentzia gogora ekarri du artxibatzea ebazteko. Horren arabera, "ez dagokio Espainiari bere mugez haraindi gertatutakoak ikertzea, beste estatu batek horretarako eskumen argi eta benetakoa duenean eta ez dagoenean arrazoirik dagozkion eginbideak bertan ez egiteko".
Dekretuak jasotzen duenez, gizakien salerosketa delitua ikertzeko, salaketak espainiar nazionalitateko herritar baten kontrakoa izan behar du eta Espainiarekin nolabaiteko harremana duten elementuak izan behar ditu, hala nola biktimak espainiarrak izatea edo Espainiako Estatuan bizitzea. Horren harira, Fiskaltzak gogorarazi du "biktimak atzerritarrak" direla, ez direla Espainian bizi, eta herrialde hartan badaudela salatutako gertakariak ikertzeko "eskumena duten auzitegiak". Horrez gain, salatutakoak —Iglesiasez gain, Brasilgo herritar bat eta Kolonbiako beste bat— ez direla Espainian bizi nabarmendu du.
Biktimek "borrokan" jarraituko dute
Ikerketa artxibatu dutela eta, Julio Iglesias salatu zuten bi emakumeek salaketa gehiago aurkeztuko dituztela iragarri dute. "Borrokan jarraituko dute, justizia eskatzeko", adierazi dute Women's Link elkarteak (laguntza legala ematen die biktimei) eta Amnistia Internazionalak. Bi erakunde horien arabera, "tamalgarria" da Fiskaltzaren erabakia.
Ohar bateratu batean, bi erakundeek salatu dute Fiskaltzak ez duela "ikerketa sakonik egin" gertakarien inguruan. Azaldu dutenez, Fiskaltzak sei hilabete zituen auzia ikertzeko, baina erabakia "bi aste eskasetan hartu du, probak aztertu ere egin gabe".
Biek ala biek Varsoviako eta Istanbulgo hitzarmenak aipatu dituzte. Horietan zehazten denez, Estatuak derrigortuta daude giza eskubideen kontrako urraketak ikertzeko ustezko egilea herrialde horretakoa bada, nahiz eta delituak lurraldetik kanpo gertatu. "Justizia mugez gaindi ere egin behar da", azpimarratu dute.
Zure interesekoa izan daiteke
La Calzadako bizilagunek bitartekaritza eskatu dute, euren etxebizitzen jabe den funtsaren "abusuzko prezioen" aurrean
Sei urteko kartzela-zigorra ezarri diote gizon bati bikotekidea bortxatzeagatik eta etengabe tratu txarrak emateagatik, Nafarroan
Indarkeria matxistaren biktimei arreta integrala emateko akordioak 25 urte bete ditu
Urdako tren istripuaren biktimen aldeko hileta elizkizuna azaroaren 12an egingo dute Toledoko katedralean
Orioko Udalak Jaurlaritzari galdegin dio konpon dezala berehala duela 40 egun su hartu zuen ontziak eragindako egoera
Anderren heriotzan inplikatutako agenteei espedientea egitea baztertu duen alkatetzaren dekretua errekurritu egin dute
Horrela eragingo die trafikoari eta oinezkoei Reala-Olympique Lyon partidagatik ezarritako segurtasun dispositiboak