Istripua gertatu eta "segituan" izan zuen horren berri Renfek, eta hala jakinarazi zien larrialdi zerbitzuei ere
Ezbeharra jazo osteko deien erregistroa kaleratu du trenbide-operadoreak. Lehen telefono deia 19:46an izan zen, talka gertatu eta minutu gutxira, eta Alvia trenaren ikuskatzaileak "istripu handi bat" izan zela jakinarazi zuen.
Iryo abiadura handiko trenaren bagoiak trenbidetik kentzeko lanak, gaur, Adamuzen (Kordoba). Argazkia: EFE
Renfek gaur azaldu duenez, Adamuzko (Kordoba) tren istripua gertatu eta "segituan" izan zuen horren berri, eta hala jakinarazi zien osasun eta larrialdi zerbitzuei ere.
Ezbeharraren ostean izandako telefono deien erregistroa kaleratu du tren-operadoreak. Lehen deia 19:46:24an jazo zuten (istripua 19:43an gertatu omen zen), eta Alvia trenaren ikuskatzaileak egin zuen. Emakumeak "istripu handi bat" izan zela jakinarazi zuen, eta "buruan kolpe handia izan ostean, korderik gabe geratu" zela argitu zuen. Ez zekien non zeuden.
Operazioak Kudeatzeko Zentroak larrialdia kudeatuko zutela jakinarazi zion ikuskatzaileari, eta "lasaitasuna" eskatu.
Handik minutu gutxira egin zuen bigarren deia interbentoreak. Ezbeharra larria zela ohartarazi zuen berriro ere. Operazioak Kudeatzeko Zentrotik erantzun zioten osasun zerbitzuak jakinaren gainean zeudela. Alvia trenaren gidariarekin harremanetan jarri nahian ari zirela baina ez zutela lortu ere esan zioten.
Hurrengo deiak ere ikuskatzaileak egin zituen, bere osasun egoera gorabehera, "erne" jarraitu baitzuen. Denetan ohartarazi zuen egoeraren larriaz.
Zauritu gehiago zeudela jakinarazi zuen 19:50:46an. "Bidaiariek leihoak apurtu dituzte, eta trenetik jaisten ari dira", gaineratu zuen. Operazioak Kudeatzeko Zentrotik jakinarazi zioten Adamuzen (Kordoba) zegoela trena. Trenaren makinistarekin behin eta berriz harremanetan jartzen saiatu ziren bertako langileak, baina alferrik. Gerora jakin zen ezbeharrean hil egin zela.
Zortziak jo ostean (20:01:20), Renferen Larrialdi eta Segurtasun Nazionalerako Koordinazio Zentroak hartu-emanetan jarri zituen Madrilgo 112 zerbitzua eta Adifen CASH24 zentroa, eta azken horrek eman zion gertatutakoaren berri: Iryo abiadura handiko tren baten bagoi batzuk errailetatik atera ziren, ondoko trenbidetik zihoan Alvia tren batek horiekin talka egin zuen, eta hainbat pertsona zauritu ziren.