Leonen eta Zamoran geldituta dauden 1.000 kamioiek abiatzeko baimena dute, gaua geldirik eman ostean
Hainbat errepidetatik zirkulatzeko ezarritako debekuak altxatu ditu Espainiako Trafiko Zuzendaritzak. Ibilgailu astunetako batzuk 09:30ean hasi dira berriro martxan.
Agente bat atzo N-122 errepidean kamioi bat geldiarazten, DGTk zirkulatzeko murrizketak ezarri ostean. Argazkia: EFE
Ingrid ekaitzak eragindako elur-ekaitza tarteko, Zamorako eta Leongo hainbat errepidetan kamioiei zirkulatzeko ezarritako debekua kendu du gaur Espainiako Trafiko Zuzendaritzak (DGT). Hala, probintzia horietan geldituta zeuden 1.000 kamioik baino gehiagok euren bideari ekin ahal diete, eta batzuek 09:30ean abiatu dute bidaia.
24 ordu baino gehiago eman dituzte bide horiek zarratuta, eta guztira 1.151 ibilgailu astun izan dituzte geldirik. Zamoran, A-6 eta A-52 autobideetatik joatea galarazita izan dute kamioiek, eta Leonen, A-6a eta AP-66a izan dituzte itxita. Zirkulatzeko muga guztiak bertan behera utzi dituzte jada.
A-52 autobidean, Zamora eta Ourense arteko tartea, izan da korapilorik handiena. 500 bat kamioik geldirik eman dute gaua, elurtea tarteko. 300 bat goizean berrabiarazi dute bidaia, Quiruelas de Vidriales zerbitzugunetik, eta 65 bat, Mombueygotik.
A-6 autobidean (Ipar-mendebaldeko autobidea ere deitzen zaio), Benaventetik Leonerako zatia, 620 ibilgailu egon dira trabatuta, eta progresiboki ekingo diote bideari.
Atzo DGTk hartutako erabakiarekin kexu agertu ziren kamioilariak. Euren ustez, debekua ez zegoen justifikatuta, eta hainbat errepidetan bideragarria zen zirkulazioa; are, zenbaitetan elurrik ere ez zegoela salatu zuten.
Horren harira, garraiolari gehienak biltzen dituen Errepide bidezko Garraioaren Batzorde Nazionalak (CNTC, gazteleraz) Pere Navarro DGTko zuzendariaren dimisioa eskatu du gaur, eta kamioien zirkulazioa debekatzea erabaki "muturreko, sinplista, kaltegarri eta presaz hartutakoa" izan zela salatu dute.