D bitaminak eta folatoek plastiko kutsagarrien ondoriozko hilkortasun-arriskua murriztu dezakete
Ikerketa batek adierazi duenez, bitamina horiek babes gaitzakete ontzien eta kosmetikoek eta disruptore endokrinoek dakartzaten ondorio kaltegarrien aurrean.
Ontzi, lata eta kosmetikoetan dauden disruptore endokrinoek (substantzia kimikoak, alegia) osasunean duten eragina aztertu du nazioarteko ikerlan batek, eta, ondorioztatu duenez, gorputzean D bitamina eta folato maila altua izateak plastiko kutsagarrien ondoriozko hilkortasun-arriskua murriztu dezake.
The Lancet Planetary Health aldizkarian argitaratutako lanak azpimarratzen du odolean D bitamina eta folato maila handia izateak babestu gaitzakeela horrelako kutsatzaile kaltegarrien aurrean.
Ikerlanak 8.000 helduren baino gehiagoren datuak aztertu ditu, batez beste 8 urtean bildutakoak. Emaitzek erakutsi dute plastiko kutsagarrien eraginpean izan direnen hilkortasun-arriskua handiago dela; izan ere, % 35 aukera gehiago dute edozein kausagatik hiltzeko; % 73 gehiago, minbiziak jota hiltzeko, eta % 89 aukera gehiago gaitz kardiobaskularren ondorioz hiltzeko. Zehaztu dutenez, Estatu Batuetan soilik, horrelako kutsatzaileen ondorioz 256.471 lagun hil dira.
Datuokin, ikertzaileek ondorioztatu dute kutsagarri horiek 256-417 lagun hiltzea eragiten dutela urtean, AEBn.
Dieta osasungarria, babes gisa
Ikerketaren arabera, plastikoen eraginpean egotearen eta hilkortasun-arrisku handiagoaren arteko lotura odolean D bitamina eta folato maila gutxi dutenen kasuan baino ez da atzeman. Aurkikuntza horrek bidea ireki du ingurumen-kutsatzaile horien ondorioei aurre egiteko ikerketak bideratzeko.
Testuinguru horretan, elikagai ultraprozesatuak ahalik eta gutxien kontsumitzea gomendatu dute ikertzaileek; izan ere, jan horiek ez dira elikagarriak, eta, are gehiago, aztertutako kutsatzaileen iturri ere badirelako.