Kristin depresio "txiki baina sakonak" penintsula zeharkatu du eta elurra, euriteak eta haize bortitzak utzi ditu
Eguna bereziki zaila izan da Madrilen, haizeagatik eta elurragatik, Andaluzian euriagatik, eta Galizian eta Portugalen, euriagatik eta kostaldeko denboraleagatik. Bi pertsona hil dira Portugalen, eta ehunka mila pertsona argindarrik gabe daude han. Ibaien ur-goraldia da orain kezka nagusia penintsulako hainbat tokitan, eta, horregatik, agintariek arreta handiz ibiltzea eta ibaien eta errepideei buruzko informazioari adi egotea gomendatu dute.
Elurra Leonen. Argazkia: EFE.
Adituek depresio "txiki baina sakon" gisa aurkeztu zuten Kristin, laburra eta bizia izango zela, eta halaxe izan da. Nahiz eta Euskal Herrian eguna argitsu eta atsegina izan den, asteazkena zaila eta kaotikoa izan da Iberiar Penintsulako hainbat lekutan, elurra, euriak, haizeak eta olatu handiak direla eta.
Kristin depresioak Espainian utzi dituen gorabehera nagusien artean daude Madrilen A-6 errepidea edo Almerian eta Cadizen A-7 errepideak itxi behar izana, nahiz eta denboraleak 170 errepide baino gehiagotan izan duen eragina. Zuhaitzak eta hiri-altzariak ere bota ditu haizeak eta ikastetxeak, parkeak eta monumentuak itxi behar izan dituzte toki askotan. Elurte esanguratsuak izan dira Gaztela eta Leonen, Gaztela-Mantxan eta Madrilgo Erkidegoan.
Elurra bapo bota du asteazken honetan iparraldeko goi-ordokian eta penintsulako erdialdean, 600 metrotik gora elurra erruz egin du. Ondorioz, uneka, erabat kolapsatuta geratu da Madril hiriburua eta inguruak, eta atzerapenak eta gorabehera handiak izan dira garraio publikoan, bai errepidez, bai trenez. Adolfo Suarez Aireportuan ere atzerapenak izan dira elurragatik, lau pistetako bat itxi behar izan baitute; hala ere, AENAk jakinarazi du normaltasunez ari direla jada lanean. Gorabehera horiek guztiez aparte, ez da borraskari lotutako ezbehar larririk edo esanguratsurik izan.
Gaztela eta Leon ere elurrez estalita eta haize gogorrekin esnatu da. Egoerarik zailena Leongo, Avilako eta Segoviako errepideetan izan da, baina gorabehera nabarmenak izan dira Zamora, Salamanca eta Valladoliden eta Burgos, Palentzia eta Soria probintzietako puntu zehatzetan ere. Mila ikasletik gora eskolara joan ezinda geratu dira gaur erkidego horretan.
Kristinek beste erkidego batzuk ere astindu ditu, hala nola Valentzia o Gaztela-Mantxa, non gutxienez 1.100 ikasle eskolarik gabe geratu diren, elurrak errepideak estali dituenez, ikastetxeetara iristea ezinezko zitzaielako.
Extremaduran haizeak gorabehera ugari eragin ditu, zuhaitzak, eraikin zatiak eta hormak bota dituzte ufadek.
Andaluzian, euriak eta haizeak eragin dituzte arazo nagusiak, eta Guadalquivir ibaia larrialdiko maila gorrian dago puntu batean, eta horian beste lautan, ur-goraldia dela eta.
Denboraleak, batez ere haize-bolada gogorrek eta zuhaitzen erorketak, 170.000 pertsona argindarrik gabe utzi dituzte hainbat probintziatan, eta eskualdeko errepide ugaritako zirkulazioa baldintzatu dute.
Almerian, Malagan eta Cadizen 77 udalerritan klaseak bertan behera geratu dira, baita, esaterako, enplegu-bulegoetan aurrez aurreko hitzorduak ere, eta parkeak itxi egin behar izan dituzte.
Era berean, itsas denboralea zortzi metrotik gorako olatuak uzten ari da Galizian eta sei metrotik gorako olatuak Mediterraneoaren zati handi batean, Valentziako Erkidegotik hasi eta Gibraltargo Itsasarteko kostalderaino.
Ibaien ur-goraldia da orain kezka nagusia penintsulako hainbat tokitan, eta, horregatik, agintariek arreta handiz ibiltzea eta ibaien eta errepideei buruzko informazioari adi egotea gomendatu dute.
Bi hildako Portugalen eta milaka pertsona argirik gabe
Ehunka mila pertsona elektrizitaterik gabe daude Portugalen eta denboraleak bi hildako eragin ditu Portugalen, Gobernuak jakitera eman duenez.
Ohar batean, Luis Montenegro lehen ministroaren kabineteak "sakonki" deitoratu du bi pertsona horien heriotza, eta doluminak eman dizkie familiei.
Larrialdietarako eta Babes Zibilerako Agintaritza Nazionalaren (ANEPC) datuen arabera, horietako bat bart hil da, Vila Franca da Xiran, Lisboatik 37 kilometro ipar-ekialdera, gidatzen zuen autoaren gainera zuhaitz bat erorita. Bestea, berriz, Monte Realen hil da, hiriburutik 156 kilometro iparraldera, "egitura bat" gainera erori ostean.
Hornidura elektrikoari dagokionez, lGobernuak zehaztu du eskualde kaltetuena erdiko kostaldea dela eta hura berrezartzeko lanean ari direla.
Zure interesekoa izan daiteke
Osasun sailburuak onartu du iraungitako txertoekin akatsa egin dutela, eta adierazi du txertoak berriro jarri behar diren ala ez aztertzen ari direla
Txertoen Euskal Aholku Batzordeak erabakia zuen kaltetutako pertsonak berriz txertatuko zituela; gaur, baina, Sendagaien Espainiako Agentziak igorri dion txostenean, gomendatu du haurrak berriro ez txertatzea eta iraungitako txertoa hartu zuten bost helduei baino ez jartzea berriro txertoa.
Jardueraz beteriko programazioa aurkeztu du Bilboko Udalak Aratusteetarako
Programazioaren aurkezpen ekitaldian Imanol Ituiño magoa eta Mertxe Gil aktorea izan dira, aurtengo Farolin eta Zaranbolas dira eta.
Ezkabako gotorlekua Memoria Demokratikoaren Leku izendatu dute
Akordioaren helburua gizarteari "duela laurogeita hamar urte zer gertatu zen" erakustea da, adierazi du Angel Victor Torres ministroak.
D bitaminak eta folatoek plastiko kutsagarrien ondoriozko hilkortasun-arriskua murriztu dezakete
Ikerketa batek adierazi duenez, bitamina horiek babes gaitzakete ontzien eta kosmetikoek eta disruptore endokrinoek dakartzaten ondorio kaltegarrien aurrean.
Elurrak Madril hiriburua kolapsatu du, eta gorabehera ugari eragin ditu erkidego osoan
Kristin ekaitzak ia penintsula osoa elurreztatu du. Madrilen, atzerapen handiak izaten ari dira trafiko-zirkulazioan eta garraio publikoan. Arazoak izaten ari dira bereziki Madrilgo mendilerroko errepideetan. Abian da Neguko Eguraldiari Aurre Egiteko Plan Berezia. Elur denboraleak beste hiri batzuk ere astindu ditu, hala nola Avila eta Salamanca.
Atzerapenak izaten ari dira Bilboko metroan, gorabehera teknikoak direla eta
20 bat minutuko atzerapenak daude zerbitzuan.
Osakidetzak iraungitako txertoa jarri die 253 pertsonari, gehienak haurrak
Osasun Sailak "lasaitasun-mezua" helarazi du, "adituen arabera, dosi horiek emateak ez baitu ondorio kaltegarririk". Kasu guztiak "behar bezala identifikatuta" daudela, eta familiekin "harremanetan jartzen" ari direla ziurtatu du, "zuzenean informatzeko eta beharrezko argibideak emateko".
Osakidetzak "dozenaka umeri" iraungitako txertoak eman dizkiela salatu du EH Bilduk
Txerto hexabalentea da, B hepatitisa bezalako sei gaixotasunetatik babesteko erabiltzen dena.
Migratzaileekin lan egiten duten elkarteen arabera, ezohiko erregularizazioak errotik aldatuko du haien egoera
Alaitz Zugasti Arrats Elkarteko abokatuaren ustez, Espainiako Gobernuak iragarri duen ezohiko erregulazioa "oso onuragarria" da. "Guretzat garrantzitsuena da behin eskaria eginda pertsona horiek lan baimena izango dutela, erresoluzioa iritsi bitartean", nabarmendu du Zugastik.