Diru bilketa abiatu dute Aroztegia auzian zigortutako zazpi kideei jarritako isunei aurre egiteko
Aroztegiko lanen kontra protesta ekintza egin zutenekoa. Argazkia: Eguzki
Aroztegiko Elkartasun Komiteak dirua biltzeko kanpaina abiatu du Lekarozko (Baztan) luxuzko hotelaren kontrako protestengatik zigortutako zazpi baztandarrei jarritako isunei aurre egiteko. Guztira, 70.000 euro bildu nahi dituzte, eta kontu korrontea zabaldu dute lagundu ahal izateko.
Duela lau hilabete epaitu eta zigortu zituzten Aroztegia auziko zazpi auzipetuak. Talde kriminaleko kide izatea egotzi zieten arren, delitu horretatik absolbitu egin zituzten, eta, hortaz, ez zieten kartzela zigorrik ezarri. Nolanahi ere, 62.000 euroko isuna ezarri zien Iruñeko Zigor Arloko 3. Epaitegiak.
Isunok ordaintzeko zein defentsa gastuei aurre egiteko dirua bilduko du orain Aroztegiko Elkartasun Komiteak, guztira 70.000 euro behar baitituzte.
Palacio de Arozteguia enpresak helegitea aurkeztu zuen epaiaren kontra, baina epaileak atzera bota zuen. Komiteak uste du akusazioa bide judiziala luzatu nahian ari dela, helegite gehiago aurkeztu baititu. Dena den, ez du uste zigor ekonomikoa arinduko dietenik.