IRAUNGITAKO TXERTOAK
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Iraungitako txertoa jaso zuten 23 pertsonari txerto hexabalentea jarri diete berriro

Alberto Martinez Osasun sailburuak azaldu duenez, iraungitako txerto hexabalentea 29 pertsona gehiagori jarri ote zitzaien ikertzen ari dira, baina erregistroan egindako akatsak izan daitezkeela aurreratu du. Dena den, txertoen intzidentzia "bideratuta" dagoela eta orain gertaturikoa argitzea falta dela adierazi du. 

Alberto Martínez
18:00 - 20:00

Iraungitako txertoen harira, Osakidetzak txerto hexabalente, tetrabalente eta hirukoitz birikoak berriro jartzen jarraitzen du. Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak astearte honetan azaldu duenez, guztira 23 pertsonak jaso dute txerto hexabalentea. Halaber, beste 29 pertsona ikertzen ari dira, baina erregistroan egindako akatsak izan daitezkeela aurreratu du Martinezek.

Gobernu bileraren osteko agerraldian, iraungitako txertoen auzia "bideratuta" dagoela nabarmendu du Martinezek. Horren esanetan, atzemandako intzidentziak "bideratu" dira, eta, gainera, hasieran aurreikusi baino kasu gutxiago izan dira azkenean. 

Txerto hexabalenteari dagokionez, Osakidetzak iraungitako dosia jaso dutenei deitu die eta gehienak berriro txertatu dituzte. 

Guztira, 23 pertsonari jarri diete (18 heldu eta 5 haur). Halaber, iraungitako txerto hexabalentea beste 29 pertsonari ere jarri ote zitzaien ikertzen ari dira, baina erregistroan egindako akatsak izan daitezkeela aurreratu du Martinezek. 

Tetrabalente eta hirukoitz birikoari dagokienez, iraungitako dosiak 75 pertsonari txertatu dietela azpimarratu du Martinezek, eta ez 78ri, hasieran esan bezala. Horietako batzuk berriro txertatu dituzte eta gehienek hitzordua jaso dute osasun kartilla eta historiaren arteko kontrastea egiteko. 

Bestalde, sailburuak adierazi du 2025ean emandako txerto guztiak berrikusi egingo direla, bost osasun zentrotan indar berezia jarrita: Iztietako (Errenteria), Ondarretako (Donostia) eta Usurbilgo osasun zentroetan —Donostialdeko ESIan— eta San Migel eta Landako osasun zentroetan —Galdakao Barrualdea ESIan—. 

"Bideratuta dago"

Iraungitako txertoen auzia "bideratuta" dagoela azpimarratu du Osasun sailburuak, eta hasieran uste zena baino intzidentzia txikiagoa izan duela. Are gehiago, kasu isolatuak izan direla gaineratu du. 

Behin auzia bideratuta, orain zer gertatu den argitzea falta dela adierazi du. Dena den, Martinezek argi utzi du ez dela inor seinalatzeko unea. 

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Pertsona bat erietxera eraman behar izan dute Baionan gertatu den sute baten ondorioz

Sua 14:15ak inguruan piztu da garra Baiona Tipiko Kupelgileak karrikako eraikin batean. Suhiltzaileek eraikina hustu dute bertaratu orduko.  Hirugarren solairuan zegoen gizonezko bat larrialdi zerbitzuen laguntzarekin atera behar izan dute eta Baionako erietxera eraman dute kea arnastuta.  Garrak itzali badituzte ere, auzo guztiko elektrizitatea eta gasa moztu dituzte, prebentzio neurri gisa. Eraikinak kalte ugari izan ditu eta bere egoera hurrengo orduetan aztertu beharko da. Bizilagunek gaua etxetik kanpora igaroko dute. 

Gehiago ikusi
Publizitatea
X