Nafarroako Gobernuak esan du "protokoloaren arabera" jokatu duela tutoretzapeko zentro batean adingabe bati ustez egindako sexu-erasoaren inguruan
Javier Remirez bozeramaileak "agente, komunikabide eta alderdi politiko guztiei erantzukizuna" eskatu die, "adingabeen babesgabetasun-egoerak sortzen dituzten informazio zehazgabeei bide ez emateko". Ildo horretan, "eskuin muturrak" egoera aprobetxatu nahi duela gaitzetsi du, "adingabe jakin batzuk jatorriaren edo nazionalitatearen arabera estigmatizatzen dituen diskurtso faltsu bat markatzeko".
Foru Gobernuaren tutoretzapeko zentro batean zegoen adin txikiko batek ustez jasandako sexu-erasoaren inaguruan asteon argitaratu diren informazioen aurrean, Javier Remirez Nafarroako Gobernuko bozeramaileak defendatu du Foru Gobernuak "protokoloaren arabera" jokatu duela eta alderdi politikoei "erantzukizuna" eskatu die, "adingabeen babesgabetasun egoerak sortzen dituzten informazio zehazgabeei bide ez emateko".
Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan adierazi duen bezala, Foru Gobernuak ezin du gai horri buruz "hitz egin", datuen babesa eta adingabearen interes gorena oroz gaindi baitaude, baita adingabeen defentsaren alde egiten diren jardueren konfidentzialtasuna ere, "haien ohorea, intimitatea eta erreputazioa babesteko".
Javier Remirezek azpimarratu du Nafarroako Gobernuak "adingabeak babesten" dituela, eta defendatu du Gobernuaren jokabidea "protokoloaren araberakoa" izan dela eta "bikain funtzionatu duela".
Era berean, "eragile, komunikabide eta alderdi politiko guztiei erantzukizuna" eskatu die, "adingabeen babesgabetasun egoerak sortzen dituzten informazio zehazgabeei bide ez emateko". Zentzu horretan, "eskuin muturrak" egoera aprobetxatu nahi duela salatu du, "adingabe jakin batzuk jatorriaren edo nazionalitatearen arabera estigmatizatzen dituen diskurtso faltsua markatzeko".
Gainera, beste alderdi batzuk ere kritikatu ditu, "adingabeei eraso egiten dien estrategia arduragabe horri jarraitzen" ari direlako, jakinda, azpimarratu duenez, "oso gai delikatua dela, irizpidearen, legezkotasunaren eta protokoloaren arabera jokatu dela, eta jakinda, halaber, Administrazio gisa ezin dugula zenbait informaziori erantzuteko gai honetan gehiago sakondu, adingabeen datuen babesaz ari garelako".
Nafarroako Gobernuko bozeramaileak azpimarratu duenez, "ez dugu onartuko gorrotoaren eta gezurraren diskurtsoa gure lurraldean zabaltzea"; "gizarte honetako pertsonarik babesgabeenak diren adingabeak joko politikoa egiteko erabiltzen dituen buloaren diskurtsoa", are gehiago, kasu zehatz honetan, "oso egoera zailetan baliabide sozialen esku daudenak" izanik. "Hori onartezina da, arduragabekeria bat da", arbuiatu du Remirezek, eta "hala badagokio eta aztertu ondoren, adingabeak babesteko neurri legal egokiak abiatuko ditugu", gaineratu du.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera