Indarkeria zantzuak dituen gizon baten gorpua aurkitu dute Ganguren gainaren inguruan
Ertzaintzaren lehen ikerketei esker jakin dutenez, Barakaldoko 60 urteko gizon bat da, eta asteazkenetik zegoen desagertuta.
Ertzaintzaren ibilgailu bat. Argazkia: Irekia
Ertzaintzak ikerketa abiatu du ostiral goizean Ganguren aldean, Lezama udalerrian, indarkeria zantzuak zituen gizon baten gorpua aurkitu ostean.
Gorpua goizerdian aurkitu dute, Lezama eta Ganguren arteko errepidean, eta bertaratutako agenteek egindako lehen ikerketen ondorioz, Barakaldoko 60 urteko gizon baten gorpua zela jakin dute. Gizonezkoa asteazkenetik zegoen desagertuta, bere senideek jakinarazi dutenez.
Hildakoaren ahaideen arabera, gizona Trapagaran aldera joan zen bere kotxea saltzeko asmoz, eta bertan agertu da ibilgailua, baina ordutik ez dute haren berririk izan.
Ikerketa abiatu dute
Segizio judizialak gorpua jaso ondoren, Auzitegi Medikuntzako Euskal Erakundera eraman dute, autopsia egitera. Ertzaintzak ikerketa abiatu du, heriotza zerk eragin duen argitzeko.