Demografia
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Jaiotzek gora, abagune kontua da ala joera aldatu egin da?

Lehenengoz 2011tik jaiotzek gora egin dute Euskadin: 2025ean aurreko urtean baino % 3 haur gehiago jaio ziren. Unai Martin demografoak zergatiak argitu eta sakoneko joera ote den azaldu du.

DEFUNCIONES - NACIMIENTOS EU

Grafiko bat, INEren datuekin. Argazkia: Pexels

Aldaketa puntuala da, ala joera berri bat? Lehenengoz hamarkada luze batean, jaiotza kopurua igo da urte batetik bestera Euskadin. Estatistika Institutu Nazionalaren (INE) arabera, 13.344 haur jaio ziren 2025ean, aurreko urtean baino % 3 gehiago (12.937 haur jaio ziren 2024an). Halakorik ez da gertatu 2011n jaiotzen kopuruak goia jo zuenetik, eta ikusteko dago joera berri baten aurrean ote gauden.

Hilabeteak ziren joera antzematen zela. Eustaten hiruhilekoko datuek —oraindik argitaratu behar du urte amaierako datua— islatzen zuten 2025ean urte askotako joera negatibo hori eten zitekeela. Eta demografoek aspalditik espero zuten unea. Zergatik? Dirudienez, benetako ugalketa-adinaren oinarri demografikoa handitzen ari da, astiro bada ere.

90. hamarkadan izan zen gainbehera

Arrazoia ulertzeko hiru hamarkada egin behar dugu atzera, 80ko hamarkadaren amaierara eta 90ekoaren hasierara. Urte haietan oso haur gutxi jaio ziren Euskadin. 1976an —Euskadiko historian jaiotza gehien izan zen urtean— 41.100 haur jaio ziren; 1986an, baina, 20.094 jaio ziren, alegia, erdira jaitsi ziren hamar urtean. 1994an jo zen hondoa, 15.284 jaiotzarekin, azken urteotan kezka sortu duten datuetatik oso hurbil.

“Aspaldidanik ari gara pairatzen duela 30-35 urte gertatutako jaiotza-tasaren beherakadaren ondorioak. Jaiotzen kopuruak ez ezik, ugalkortasun-tasak ere —seme-alaben kopurua emakumeko— jo zuen hondoa, 0,9ra iritsita, gaur egungoa baino txikiagoa. 90eko hamarkadaren amaieratik aurrera, ordea, gora egin zuten bai jaiotzen kopuru osoak (2011n goia jo zuten, 21.180 jaiotzarekin) bai ugalkortasun-tasak ere; azken hori 1,3tik gora kokatu zen 2014 eta 2016 artean (1,37)”, azaldu du Unai Martin soziologoak. Demografian aditua da bera, eta Euskal Herriko Unibertsitatean doktore.

Jaioberri baten irudia. Argazkia: Pexels

Hau da, gainbehera demografikoko urte haietan jaiotakoak dira azken urteotan benetako ugalketa-adinera iritsi direnak.

Izan ere, azken datu demografikoek erakusten dute jaiotza guztien bi heren 30-34 adin-taldean (jaiotzen % 34) eta 35-39 adin-taldean (% 33) pilatzen direla; % 20, berriz, 29 urtetik beherako emakumeei dagozkie, eta, azkenik, 40 urte edo gehiagokoen taldeari jaiotzen % 10 inguru dagozkio (% 11,2).

Testuinguru horretan, immigrazioak hein batean arindu du 80ko hamarkadaren amaierako eta 90ekoaren hasierako gainbehera demografikoak ekarritako egoera. Urte amaierako datuen zain, 2025eko lehen hiru hiruhilekoetan jaiotako haurren % 26 atzerriko nazionalitatea duten emakumeen seme-alabak izan dira. Datua egonkorra azken urteetan. Kopurua zertxobait handiagoa da atzerrian jaiotako ama guztien multzoari erreparatuz gero: % 35. Hau da, jaiotzen heren bat azken hamarkadetan Euskadira iritsitako emakumeen seme-alabei dagokie.

Beheranzko joeraren amaiera?

Orain, aldiz, urteetako beherakadaren ondoren, euskal gizartea joera aldaketa baten atarian egon daiteke. Edo, gutxienez, gainbehera demografikoaren amaieratik gertu.

“Unea iritsiko zela antzematen zen. Ikusten genuena ez zen ugalkortasunaren beherakada. 90eko hamarkadan baino handiagoa zen. Jaiotzen kopuru osoaren beherakada ikusten genuen. Eta hori haurrak izateko adinean emakume gutxi zeudelako gertatzen zen, gainbehera demografiko nabarmena izan zen urteetan jaioak baitziren. Ugalkortasuna jaisten ez bada, 2025ean ikusi dugun joera-aldaketa epe laburrean sendotu daiteke. Belaunaldi ugariagoak sartzen ari dira eta, era berean, migrazioak handituko du umeak edukitzeko adinean dauden emakumeen kopurua”, azaldu du Martinek.

EHUko demografoak, halere, nabarmendu du “testuinguru antinatalista” orokorra dagoela Euskadin, batez ere arazo materialen ondorioz. Eta horrek “asegabeko ugalkortasuna” eragiten du.

“Arazoa ez da zenbat haur jaiotzen diren, baizik eta asegabeko ugalkortasuna egotea. Ikerketa guztiek adierazten dute jendeak nahi lukeena baino seme-alaba gutxiago dituela. Eta norberak nahi duen seme-alaba kopurua izatea oinarrizko eskubidea da, nire ustez. Egituraz oso antinatalista den egoerarekin talka egiten dugu. Etxebizitza-emantzipazioa berantiarra eta oso zaila da. Eta gauza bera gertatzen da lan- eta bizi-egonkortasunarekin. Lehenengo seme-alaba horrenbeste atzeratzen da, non askotan ez den unea iristen bigarrena izateko”.

EHUko soziologo eta demografoaren iritziz, halaber, badaude “genero-desberdintasunarekin” loturiko arazoak, zaintzari dagokionez. Eta jaiotza-tasan eragiten dute. Haren ustez, horrek “aukera-kostu handia” dakar emakumeentzat, eta hori gertatzen da “ama izatea errealizaziorako bide bakarra ez den garai honetan”.

Martinen ustez, erronka da biztanleriaren ugalketa-espektatibak benetako ugalkortasunarekin lerrokatzea, “ugalketa-eskubideari erantzun egin behar" baitzaio "oinarrizko eskubidea da eta”. Horrek, hala ere, eskatzen du politika eraginkorrak eta anbizio handikoak, baita paradigma-aldaketa ere.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X