Hezkuntza
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Bizkaiko bi ikastetxe publikok eta Arabako batek Nazioarteko Batxilergoa eskainiko dute datorren ikasturtean

Titulazio bikoitza lortzeko aukera izango dute, beraz, ikasleek: Batxilergoko titulu ofiziala eta Nazioarteko Batxilergoko diploma. Horretarako, gutxienez 8,25eko nota izango beharko dute ikasleek, eta Ingeles eta Euskara ikasgaietan ere bai.

Botikazar Institutua, Bilbon

Botikazar (Bilbo), Urritxe (Zornotza) eta Unamuno (Gasteiz) ikastetxe publikoek Nazioarteko Batxilergoko 81 plaza eskainiko dituzte datorren ikasturtean.

Ohiko Batxilergoaren osagarri izango da egitasmoa, eta titulazio bikoitza lortzeko aukera emango die ikasleei: Batxilergoko titulu ofiziala eta Nazioarteko Batxilergoko diploma.

Horrekin lotuta, "hezkuntzaren bikaintasunean jauzi kualitatiboa" eman nahi duen modalitate berriaren ezaugarriak aurkeztu ditu gaur, astelehena, Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosak.

"Ikasleen (16-19 urte) aukera akademikoak zabaltzen ditu eta haien prestakuntza-proiekzioa indartzen du", ziurtatu du.

Prestakuntza sei ikasgai-taldetan dago egituratuta  —Hizkuntza eta Literatura; Hizkuntzen Jabekuntza; Gizakia eta Gizartea; Zientzia; Matematika; eta Artea—.

Hori guztia enborreko hiru ikasgairekin osatuko da: Monografia; Sormena; Jarduera eta Zerbitzua. Horien artean, Ezagutzaren Teoria nabarmentzen da, gogoeta kritikoa garatzera bideratutako irakasgaia.

Gainera, ikasleek banakako ikerketa-lan akademiko bat egin beharko dute, baita sormenari, jarduera fisikoari eta gizarte-konpromisoari lotutako proiektu bat ere.

"Eskakizun akademiko handiko egitasmoa da, nazioartean onartua. Zorrotza da, baina orekatua ere bai", azpimarratu du Pedrosak.

Batezbesteko nota 

Gutxienez 8,25eko nota izan beharko dute ikasleek, Euskara eta Ingeles ikasgaietan ere bai.

Nazioarteko Batxilergoko diploma-programa emango duten hiru ikastetxeek (27 bana plaza, eta irakasgaiak ingelesez) bi urteko prozesua gainditu eta gero egin dute bat proiektuarekin. Prozesu horretan, konpromisoa, antolaketa-kaudimena eta profesionaltasuna erakutsi dituzte ikastetxeok.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X