Mehatxuen aurrean, EAEko erakundeek feminismoa "defendatzeko eta zabaltzeko" deia egingo dute aurtengo M8ko kanpainan
"Feminismoaren lorpenen aurrean, mundu mailako erantzuna dago. Eta diskurtso horiek aurrera egiten dutenean, berdintasunak atzera egiten du", hitzokin, gordin, azaldu du Miren Elgarresta Emakunderen zuzendariak gaur egungo feminismoaren egoera. Mehatxuon aurrean kikildu barik, horiei aurre egiteko eta feminismoa "defendatzeko eta zabaltzeko" deia egin nahi izan du Emakumeen Euskal Erakundeak, eta horren inguruan prestatu du, hiru foru aldundiekin eta Eudelekin batera, aurtengo M8ko kanpaina.
Kanpainak "Eman tokia berdintasunari" izango du lelotzat, eta feminismoa zaindu eta babestu beharreko espazioa dela aldarrikatuko du. Are, ahal dela, espazio horiek zabaltzera ere animatuko ditu herritarrak. “Berdintasunaren espazioa babestu behar dugu atzerapausorik ez izateko", argudiatu du Elgarrestak kanpainaren aurkezpenean.
Zehatz jarrita, defentsa- eta zabaltze-lan horren hainbat adibide eman ditu Emakunderen zuzendariak. Hala nola, etxeko lanak eta zainketak modu orekatuan banatzea, Hezkuntzan hezkidetza aplikatzea, sare sozialetan gorroto eta desinformazio diskurtsoak salatzea eta erabaki politikoetan genero ikuspegia txertatzea.
Kanpainaren leloaren ildotik, Iñaki Gurtubai Arabako Foru Aldundiko Berdintasun, Euskara eta Gobernantza foro diputatuak berdintasunaren aurrerapenak geldiarazi nahi dituzten diskurtsorik gabeko espazioak eskatu ditu. "Martxoaren 8an duintasun, atsedenerako eta aukera-gune berriak eraikitzeko konpromisoa berretsi nahi dugu, emakume guztiak askatasun eta berdintasun osoz bizi, erabaki eta aurrera egin ahal izateko", nabarmendu du.
Bestalde, Esther Apraiz Eudelen presidenteak azpimarratu du udalek parte hartu behar dutela diskurtso antifeministei aurre egiteko. "Funtsezko zeregina dugu gure udalerrietan berdintasuneko guneak hedatzeko eta babesteko. Herritarren eskutik, berdintasuna egunerokoan eraikitzen da: auzoetan, eskoletan, bulegoetan, elkarteetan, giza harreman guztietan."
Kanpaina gaurtik martxoaren 8ra bitartean egongo da martxan kanpoko euskarrietan, egunkarietan, irratietan, sare sozialetan eta telebistan.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera