Asteburu honetan eta hurrengoan ez da trenik ibiliko Andoain eta Irun artean
Astigarraga-Irun tartean hirugarren trenbidea jartzeko lanek eragin dute tren zerbitzuaren etena. Renfek autobus zerbitzua eskainiko du bidaiarien joan-etorriak bermatzeko. Gainera, Loiolako geltokia itxita egongo da apirilaren erdialdera arte.
Renfek Donostian duen geltokia. Artxiboko argazkia: Europa Press
Asteburu honetan (martxoaren 7a eta 8a) eta hurrengoan (martxoaren 14a eta 15a) ez da tren zerbitzurik egongo Andoain eta Irun artean. Donostiako Udalak ohar baten bidez jakinarazi duenez, etenak aldiriko eta distantzia ertain eta luzeko trenei eragingo die.
ETS eta Adif hirugarren trenbideko errailak jartzen ari dira Astigarraga-Irun tartean, eta lan horiek eragin dute tren zerbitzua eten behar izatea. Gainera, Loiolako geltokia itxita egongo da 6 astez, gaurtik hasita.
Bidaiarien joan-etorriak errazteko, zerbitzua errepide bidez emango du Renfek, autobusak erabiliz.
Aldiriko trenen zerbitzua Martutenetik eskaintzen jarraituko dute, Donostiako Udalaren hiri garraio bidezko konexioa baitu. Distantzia luzeko trenei dagokienez, berriz, Madril-Irun loturak Tolosa eta Irun artean egingo du ibilgailu aldaketa. Hori horrela, martxoaren 9ko eta 13ko lehen eta azken trenen zerbitzua autobusez egingo dute Donostia eta Tolosa artean. Bartzelona-Donostia loturak, bestalde, errepidez egingo du bidea Iruña eta Donostia artean martxoaren 7an, 8an, 14an eta 15ean, eta gauza bera egingo du martxoaren 13ko azken bidaian zein martxoaren 9ko eta 16ko lehen bidaian.