Berdintasunari merezi duen espazioa emateko deia egin du Jaurlaritzak
Eusko Jaurlaritzak adierazpena egin du Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta. "Eman tokia berdintasunari" kanpainarekin aldarrikatu du berdintasunean aurrera egiteak berarekin dakarrela aurrera egitea eskubideetan, askatasunean, ongizatean, errespetuan eta pertsona guztientzako aukera-berdintasunean.
Martxoak 8 ditu gaur, eta Emakumeen Nazioarteko Eguna dela-eta, Eusko Jaurlaritzak adierazpen instituzionala egin du berdintasunari merezi duen espazioa emateko deia eginez. EAEko erakunde guztiek M8rako prestatutako kanpainarekin bat egiten du mezuak, eta berretsi egiten du emakumeen eta gizonen berdintasunerako politikekin duen EAEko gobernuak duen konpromisoa.
Jaurlaritzak ohartarazi duenez, "gainditutzat jotzen genituen diskurtsoak berpizten ari dira eta ultraeskuinaren erreakzio bat ematen ari da, emakume eta gizonen arteko berdintasun eza ukatuz, emakumeen aurkako indarkeria hutsalduz eta feminismoa eta berdintasun-politikak mespretxatuz".
Pradales buru duen gobernuaren arabera, "berdintasunaren bidea estutzeko benetako ahalegin bat dago". Hori dela eta, horri aurre egiteko deia egin du Jaurlaritzak, esparru guztietan berdintasunari leku handiagoa ematen jarraitzeko: enpresetan berdintasun-planak aplikatuz eta soldata-berdintasunerantz aurrera eginez, ikasgeletan hezkidetzaren bitartez genero-rol mugatzailerik gabe heziz, etxeko lanak eta zaintzak modu orekatuan banatuz, gorroto eta desinformazioa eragiten duten diskurtso faltsuak salatuz, emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizartearen alde eginez, eta genero-ikuspegia txertatuz plan, ekintza eta erabaki politiko bakoitzean.
Horren arabera, "berdintasunean aurrera egiteak berarekin dakar aurrera egitea eskubideetan, askatasunean, ongizatean, errespetuan eta pertsona guztientzako aukera-berdintasunean".
Beraz, herritar guztiak animatu ditu berdintasunarekiko konpromisoa publikoki eta modu aktiboan adieraztera egunero, eta bereziki martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean.
Zure interesekoa izan daiteke
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu, helegitea aurkeztu edo ez erabaki eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langile baten kaleratzea berretsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak