Haurtzaroa, nerabezaroa eta gazteria

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Eusko Jaurlaritzak Haurren eta Nerabeen Behatokia eta Gazteen Behatokia bateratu ditu, aldaketei aurrea hartzeko

Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografiko Sailak egitura sendoagoa, koherenteagoa eta eraginkorragoa lortu nahi du, belaunaldi berrien erronkei aurrea hartzeko asmoz. 

Gazteak artxiboko argazki batean. EITB

Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak Haurren eta Nerabeen Behatokia eta Gazteen Behatokia bateratu ditu Haurren, Nerabeen eta Gazteen Behatokia sortzeko. 

Gero eta konplexuagoa eta aldakorragoa den gizarte baten aurrean, egitura sendoagoa, koherenteagoa eta eraginkorragoa izan nahi du Jaurlaritzak. 

"Helburua argia da: datuak ezagutza eta ezagutza politika publiko hobe bihurtzea, begirada integral eta koordinatu batekin", azaldu du Xabier Legarreta sailburuordeak. 

Behatoki berriak hainbat lan egingo ditu: aldizkako txostenak eta diagnostikoak, adierazle-sistema irisgarri bat, ezagutza zabaltzeko ekintzak, profesionalentzako prestakuntzak eta dokumentazio-zentro espezializatu bat.

Lehen txostena: "Nerabeak Euskadin. Egoeraren pertzepzioa eta balioak"

"Nerabeak Euskadin. Egoeraren pertzepzioa eta balioak" izeneko txostenak 15 eta 17 urte bitarteko nerabeen erradiografia eskaintzen du. Gehienek ongizate maila handiko etapa gisa ikusten dute —batez besteko 7,7ko balorazioa egiten dute 10etik— eta % 61,2k beren gurasoak adin berean baino hobeto daudela uste dute. Hala ere, baikortasun mailak behera egin du, eta 2008az geroztik izan den mailarik baxuenean dago. 

Gehiengo zabal bat eskubide zibilen aldekoa da. Ikerketan parte hartu dutenen % 88,4k sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak babesten dituzte, % 88,4k eutanasia eta % 83,7k abortua. Oro har, klimarekiko kontzientzia oso handia dute eta % 89,9k klima aldaketari aurre egiteko neurri sendoagoak eskatzen dituzte. 

% 47,1ek gauez bakarrik ibiltzeko beldurra dute, eta beldur hori askoz ere ohikoagoa da nesken artean ( % 66,4) mutilen artean baino ( % 29,1).

Eta mundu digitalari dagokionez, gehienek uste dute sare sozialek harremanen kalitatea okertzen dutela (azalekoagoak dira % 78,9rentzat, eta gehiago isolatzen dute % 70,8rentzat) eta eragin negatiboa dutela bai errendimendu akademikoan ( % 81,5) bai osasun mentalean ( % 76,6) ere. 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X