HEZKUNTZA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Getxoko epaitegi batek Romoko haur-eskola bateko hainbat langileren aurkako eginbideak abiatu ditu, ustezko tratu txarrengatik

EITBk jakin duenez, haurtzaindegiko lankide batek salatu zituen epaitegian. BBK Fundazioak kudeatzen duen zentroak familiei azaldu dienez, ikertutako langileak kaleratu egin zituzten.

HAURRESKOLA UME HAUR ESKOLA EFE KLASE
Artxiboko argazkia: EFE

Getxoko 3. Instrukzio Epaitegiak eginbideak abiatu ditu Getxoko haur-eskola bateko hainbat langileren aurka, tratu txar delitua egotzita, EITBk jakin duenez. 

Salatutako gertaerak iaz gertatu ziren, eta Fiskaltzaren arabera, hainbat hezitzailek haurrak umiliatu, kolpatu eta jo egiten zituzten. 

Ikertzen ari diren haur-eskola Romo auzoan dago eta BBK Fundazioak kudeatzen du. Gaur egun, 0 eta 2 urte bitarteko 55 haur daude bertan izena emanda. 

EITBk jakin duenez, haurtzaindegiko lankide batek salatu zituen epaitegian; kaleratu zuten, eta "bidegabeko kaleratzea" salatzera joan zen. Zehazki, hainbat lankide ohiren kontra jo zuen eta haurrei tratu txarrak ematea leporatu zien.

Zuzendaritzak familiei jakinarazi dienez, ikertutako langileak kaleratu egin zituzten, eta, hortaz, dagoeneko ez dute han lan egiten. 

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko iturriek baieztatu dutenez, Fiskaltzak salaketa aurkeztu zuen epaitegietan eta auzia Getxoko 3. Instrukzio Epaitegiak hartu du bere gain. 

Salaketa horren ondotik, aurretiazko eginbideak abiatzea eta auzia sekretupean jartzea erabaki du epaileak. 

"Zuhurtzia"

Getxoko Udalak, bere aldetik, kezka adierazi du salaketaren larritasuna dela eta. 

Halaber, ikerketan zehar zer gertatu den eta erantzukizuna norena den argitzea espero du Udalak, eta zuhurtzia eskatu du. 

"Gezurra da"

EITBri egindako adierazpenetan, ikerketapean dagoen langileetako batek akusazio guztiak gezurtatu ditu. "Esan nahi dudan bakarra da akusazio guztiak gezurra direla, eta gurasoak eta gainerako lankideak horren lekuko zaretela”, esan du.

Haren hitzetan, lanean aritu diren 26 urteotan "inoiz" ez dute "kexa bakar bat ere" jaso, eta salaketa jarri duten lankide izandakoengan jarri nahi izan du fokua; batez ere, horiek salaketa jartzeko aukeratu duten unean. "Kontratua amaitu zaienean erabaki dute salaketa jartzea", zehaztu du.

Eta galdera batekin amaitu du: "Urtebete egon baziren ekintza horiek ikusten, zer dela eta ez zuten lehenago salatu?

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Elon Musk bat dator Anthropic eta OpenAI lehiakideekin, adimen artifiziala moteldu behar dela

Anthropiceko Dario Amodeik adimen artifizialaren (AA) garapena moteltzeko eskatu zuen ostiralean, segurtasun arriskuengatik, eta eskaera horren alde egin dute lehiakideek, OpenAIko Sam Altmanek eta xAIren sortzaile Muskek. OpenAIko eta Anthropiceko liderrek iragarri dute ebaluatzaile independenteei beren sistemak ikuskatzea ahalbidetuko dietela, baina Muskek ez du hori argitu.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Oihane Mateos Oria, duela gutxi hildako lankide eta laguna, gogoan izan du Dani Alvarezek Gasteizko FesTVal jaialdian

Aste gogorrak izan dira azken hauek Orain eta EITBko Albistegietako lantalde guztiarentzat. Dani Alvarez lankideak Gasteizko FesTVal jaialdian esan duen bezala, "bizitzako injustizia bategatik goizegi joan berri da Oihane Mateos Oria". Bere irribarrea, energia eta lanerako grina beti izango dira gure artean, ordea. Hemen Daniren hitzak gaur iluntzean, sari bat banatu aurretik.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X