Rene Redzepi Noma jatetxeko sukaldari daniarrak kargua utziko du, langile ohiek abusuak leporatu ondoren
2009. eta 2017. urteen artean Redzepik kalte fisikoak eta psikologikoak eragin zizkiela salatu zuten jatetxe horretako dozenaka langile ohik. "Aldaketek ez dute iragana konpontzen", azpimarratu du Redzepik.
Rene Redzepi sukaldari daniarra, Noma jatetxearen sortzailea. Artxiboko argazkia: Europa Press
Rene Redzepi sukaldari ezagunak, Kopenhagekoko Noma jatetxe ospetsuaren sortzaileak, horrekin lotutako eginkizun guztiak utziko duela iragarri du ostegun honetan, bere langileei iraganean tratu txarrak eman ziela onartu ondoren.
New York Times egunkariak martxoaren 7an jakinarazi zuenez, dozenaka langile ohik adierazi zuten Redzepik kalte fisikoak eta psikologikoak eragin zizkiela, 2009. eta 2017. urteen artean izandako gertakariak zehaztuta.
Sare sozialetan argitaratutako mezu batean, Redzepik adierazi du bere gain hartzen duela ardura: "Jatetxe hau eraikitzen eta zuzentzen bi hamarkada baino gehiago eman ondoren, erretiratzea erabaki dut, gure lider apartek jatetxea hurrengo kapitulura bidera dezaten".
Nomak ohar batean baieztatu duenez, Redzepi "berehala erretiratuko da eguneroko eginkizunetatik".
"Kontakizun horien xehetasun guztiak onartzen ez ditudan arren, nire iraganeko portaera nahikoa da orduko ekintzak nirekin lan egin zutenentzat kaltegarriak izan zirela ulertzeko", gaineratu du Redzepik.
Redzepiren ikuspegi abangoardistak bultzatuta, Noma munduko jatetxe onenen sailkapenen buru izan da behin eta berriz, eta hiru Michelin izar entzutetsu irabazi ditu.
"Onartzen dut aldaketek ez dutela iragana konpontzen", gaineratu du Redzepik, Noma jatetxea 2003an sortu zuenak."Hemendik ikusiko naute, baina ez azken 23 urteetan ikusi nauten moduan", azpimarratu du.
Redzepik ohar bat argitaratu zuen duela egun batzuk, barkamena eskatuz eta aldatzeko lan egin duela esanez, baina orain kargua uztea erabaki du ere bai.