KORRIKA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

AEK-k nabarmendu du Euskal Herriak "era masiboan" erakutsi duela euskara garela eta euskara izan nahi duela

24.a "Pizkundearen Korrika" izan dela azpimarratu du Ane Elordik, "pizkunde berri baterako lehen txinparta", eta adierazi du horixe islatu nahi izan dutela mezua Euskal Herriko zazpi gazteren esku utzita.

Korrikaren arduradunen eta mezuaren egileen agerraldia. Argazkia: AEK

AEK-k 24. Korrikaren lehen balorazioa aurkezteko agerraldia egin du astelehen honetan Bilbon, euskararen aldeko korrikaldia amaitu eta ia 24 ordura, eta nabarmendu du Euskal Herriak "era masiboan" erakutsi duela euskara garela eta euskara izan nahi duela.

Agerraldian izan dira Korrikaren arduradun Ane Elordi, AEKren Nazio Kontseiluko kideak eta lekukoaren barruan Euskal Herria zeharkatu duen mezuaren zazpi egileak, eta parte-hartzea "masiboa" izan dela adierazi dute guztiek.

"Inoiz baino lekuko-hartze gehiago izan dira, 3.400tik gora, eta askoz lagun gehiagok eraman dute lekukoa. Babes zabala izan du 24. Korrikak, eta ez da egon jende gutxiko kilometrorik", esan du.

Halaber, agerraldian nabarmendu dute 24.a "Pizkundearen Korrika" izan dela, "pizkunde berri baterako lehen txinparta", eta horixe islatu nahi izan du AEK-k Korrikaren mezua Euskal Herriko zazpi gazteren esku utzita.

Alta, gazteok ez dituzte "ausaz" aukeratu: "Guztiak euskara dira gaur egun, nahiz eta hainbat bide ibili dituzten horra heltzeko, ez baitute hizkuntza modu berean jaso. Hori bai, euskararen etorkizuna jokoan dagoen honetan, ezinbestekoa denean guztiok dagokigun erantzukizuna geure egitea, zazpi mezu-egileek argi dute euren engaiamendua, eta horrexegatik dira euskararen Pizkunde berri baten lehen txinpartaren isla".

Hala, euskara pizkunde berri batera eramateko deia egin du 24. Korrikak, gazteak lehen lerrora ekarrita, haien esku hartzea "ezinbestekoa" baita azken helburura heltzeko: "Euskal Herri euskalduna, horixe da gure gutxieneko hizkuntza eskakizuna".

Horrekin batera, Elordik esan du orain ekainaren 13ko Euskaltzaleon Martxari begira jarri direla, eta gogorarazi Iruñean egingo dela, "euskaltzaletasuna elikatzeko orduan herritar bakoitzaren ekarpena ezinbestekoa dela adierazteko asmoz".'

12. EGUNA

Bestalde, AEK-k 12. eguna izeneko ekimena iragarri du agerraldian. "Korrikan parte hartu duten eragile guztiei konpromisoa eskatzen diegu, ekiteko engaiamendua. Lan horretan, besteak beste, ezinbestekoa da ordezkari politikoen ardura, haien babes juridiko eta politikoa. Askok eraman dute lekukoa Korrikan, baina ekintza sinboliko horretatik haragoko konpromisoa eskatzen diegu hemendik: Korrikaren harira egindako adierazpen ederrak ekimen bihur ditzatela, benetan susta dezaten Euskal Herri euskalduna", azaldu du.

Eskaerak egiteaz batera, AEK-k berak zer gehiago egin dezakeen adierazi du erakundeak agerraldian. Elordik azaldu duenez, "beti esan dugu ez dela nahikoa Korrikan parte hartzea, hurrengo eguna ere garrantzitsua dela: benetako lanketa, konpromisoa, behin Korrika igarota dator. Asmo handiko helburuekin abiatzen dugu lasterketa, baina ekimena bera labur geratzen zaigu askotan, eta Korrikaren 11 egun horietatik harago joan behar dugu".

Hori dela eta sortu dute 12. eguna izeneko ekimena. Horren baitan, apirilaren 22an ordubeteko eskola emango du AEK-k, doan, bere 100 euskaltegietan. Hasiera mailako eskolak izango dira, oraindik euskarara hurbildu ez direnentzat.

Azkenik, maiatzaren 21ean 65 mintzodromo antolatuko dira Euskal Herriaren luze-zabalean. "Azken batean, horrela lortuko dugu helburua: ikasiz eta praktikatuz", gaineratu du.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X