Alzheimerraren aurkako tratamendu berriak ikertuko dituen teknologia kuantikoko lehen proiektua bultzatu du Euskadik
Alzheimerrari aurre egiteko jomuga terapeutiko berriak identifikatzen lagunduko du IBM Quantum superordenagailu kuantikoak. Ikerketa berritzaile horren buru Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila da, Basque Quantum, Biobizkaia, Osakidetza eta IBM Cleveland Clinic erakundeekin lankidetzan.
Konputazio kuantikoa aplikatuko duen lehen osasun-ikerketa proiektua abiatu du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Alzheimer gaixotasunaren aurkako tratamendu berriak bilatzeko helburuarekin.
Proiektuak Donostian instalatutako IBM Quantum ordenagailua erabiliko du, konplexutasun handiko datu biologikoen bolumen handiak aztertzeko ahalmena duen abangoardiako azpiegitura, alegia.
Biobizkaiko ikertzaile-taldeak berariaz diseinatutako algoritmo kuantikoen bidez etorkizuneko farmakoak garatzeko funtsezkoak izango diren jomuga terapeutiko berriak identifikatzean datza proiektua. Hipotesi horiek garuneko organoideetan testatu eta baliozkotuko dira —pazienteen zeluletatik sortutako ehun-ereduen bidez—, tratamendu pertsonalizatuetarantz aurrera egiteko.
Ikerketa Basque Quantum, Osasun Saila, Osakidetza eta IBM Cleveland Clinic erakundeen arteko nazioarteko aliantza estrategiko baten barruan kokatzen da, Euskadi biomedikuntza aurreratuan erreferente izan dadin. Gainera, ikuspegiak teknologia eta biologia konbinatzen ditu etengabeko hobekuntzako sistema batean, eta etorkizunean beste gaixotasun batzuekin erabili ahal izango da.
Apustu horren bidez, Eusko Jaurlaritzak medikuntza pertsonalizatuaren estrategia indartu nahi du, baita doitasunezko farmakoen garapena ere, I+G+Bko ekosistema lehiakorra sendotuz, osasun-erronka handietara bideratuta.
Zure interesekoa izan daiteke
Espainiako Gobernuak asteartean onartuko ditu Urdako istripuaren biktimentzako laguntzak
LZB sistemak partzialki huts egiten duenean zirkulazioa orduko 40 km-ra mugatzea proposatu du Renfek
Europak bi euroko tasa ezarri die EBtik kanpo erositako paketeei
Eusko Jaurlaritzako Gazteria zuzendariak uste du jarrera erradikalizatuak gutxiengoa direla
Euskal hiriburuetako saltokiek egurrezko oholak kendu dituzte, gaua istilurik gabe igaro ondoren
2.200 pertsona baino gehiago identifikatu dituzte Bartzelonan, Blocusen deialdiak tarteko