Ohartarazi dute bankuetako bezeroei SMS eta WhatsApp bidez iruzur egiteko kanpaina bat dagoela, batez ere, Gipuzkoan
Segurtasun Sailak herritarrei gogorarazi die bankuek ez dituztela datu pribatuak eskatzen telefonoz eta mezu bidez, aldez aurretik bezeroaren identitatea egiaztatu gabe.
Artxiboko irudia. Argazkia: Europa Press
Ertzaintzak ohartarazi du bankuetako bezeroei SMS eta WhatsApp bidez iruzur egiteko "kanpaina masibo bat" dagoela, batez ere, Gipuzkoan. Urtea hasi zenetik, dozenaka salaketa jaso dituzte.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar batean jakinarazi du zertan datzan iruzurra. Aurrena, biktimak SMS mezua jasotzen du, eta, itxura batean, igorlea Alcampo ONEY edo Alcampo DUA ONEY kreditu-txartelari dagokion zenbaki bat da. Mezuan, biktimari bere kontuko diru mugimendu baten berri ematen zaio; kopuru handia izan ohi da eta operazioa blokeatzeko jarraibideak eskaintzen zaizkio, telefono zenbaki batera deitzeko eskatuta.
Komunikatuaren arabera, esandako telefono zenbakian ez du erantzunik jasotzen biktimak, baina berehala bideo-dei bat jasotzen du WhatsApp bidez, zenbaki ezezagun batetik. Dei horretan, pertsona bat bankuaren ordezkari gisa aurkezten da, eta hainbat datu eskatzen dizkio biktimari: NAN zenbakia, txartelaren PIN kodea edota txartelaren zenbakia. Zenbait kasutan, NFC aplikazio bat deskargatzeko eta kreditu-txartela irakurgailuaren azpian jartzeko ere eskatzen da, datu trukea lehenbailehen egiteko.
Segurtasun Sailak herritarrei gogorarazi die bankuek ez dituztela datu pribatuak eskatzen telefonoz eta mezu bidez, aldez aurretik bezeroaren identitatea egiaztatu gabe.