Gasteizko Udalak eta blusa eta nesken kuadrillek aldatu egingo dituzte jaietako kalejirak
Batzordeak joanekoan desfilatuko du, eta Federazioak, berriz, itzulerakoan.
Blusa koadrila bat, Gasteizko jaietan. Argazkia: EFE
Aldaketak izango dira Gasteizko jaietako kalejiretan. Udalak, Blusa eta Nesken Batzordeak eta Federazioak akordioa egin dute jaietako ‘paseilloak’ aldatzeko, kalejira bakarra eginez. Fueros eta Olagibel kaleen arteko bidegurutzetik abiatuko da kalejira, Ortiz de Zarate, Florida eta Dato kaleetatik igaro, eta Posta kalean amaituko da, nahiz eta desfileak bereizita egiten jarraituko duten.
Kulturako zinegotzi Sonia Diaz de Corcuerak azaldu duenez, kuadrilletako ibilgailuek Dato kalean utziko dute ibilbidea, General Alava kaletik desbideratuta; blusak eta neskak, berriz, oinez joango dira Posta kaleraino. Ordutegiei dagokienez, Batzordea 17:00etan aterako da, eta Federazioa 19:30ean.
Bitartekaritza prozesua
Aldaketa hori 2024an Kultura Sailak bultzatutako bitartekaritza prozesuaren ondorio da. Prozesu hartako ondorioetako bat izan zen kalejirak berrikusi beharra. Era berean, Udaltzaingoak ere ibilbidea berriz aztertzea proposatu zuen, segurtasun, trafiko eta larrialdien kudeaketa arrazoiengatik.
“Hilabeteetako ekarpenen eta eztabaida eraikitzailearen ondoren, gure jaietako atal enblematikoenetako bat aldatuko duen akordioa lortu dugu. Aspaldi ez dago zezenik hirian, eta, beraz, joan-etorriaren kontzeptuak zentzua galdua zuen; paseilloek, orain arte bezala eginda, segurtasun eta larrialdien kudeaketa zailtzen zuten, eta baziren publikorik gabeko guneak ere. Kalejira berritu honek hori guztia konpondu eta tradizioak zein gozamenak irautea bermatu nahi du”, adierazi du Diaz de Corcuerak.