Baskoniak eta bere zaleek botako dute Gasteizko jaietako txupinazoa
Aurten irabazitako Errege Kopako tituluagatik eta "Baskoniak eta bere zaletuek ordezkatzen duten guztiagatik" hiriak aitortza egingo dio.
Beatriz Artolazabal Gasteizko alkateordea, Baskoniaren ordezkarien alboan. Argazkia: Gasteizko Udala
Baskoniak eta taldearen zaleek botako dute aurtengo Gasteizko jaietako txupinazoa, talde arabarrak aurten irabazi duen Errege Kopako titulua dela eta.
Beatriz Artolazabal Gasteizko lehen alkateordeak gaur goizean iragarri du albistea San Migelko balkoitik, Felix Fernandez Baskoniaren kirol zuzendaria, Paolo Galbiati lehen taldearen entrenatzailea, Tadas Sedekerskis kapitaina eta Myriam Pereda baskoniazaleen ordezkaria alboan zituela.
EAJ udal taldeak izendatu ditu datorren abuztuaren 4an (18:00etan) San Migelko balkoitik festei hasiera emango dieten pertsonak.
Bozeramaile jeltzaleak azaldu duenez, "klubaren kirol arrakastak ez ezik", Baskoniak eta bere zaleek ordezkatzen duten guztia aitortu nahi izan dute.