Gizon batek emaztea hil du Sevillan
Ustezko hiltzailea ospitalean dago, larri, arma zuri batez bere buruari zauriak egin omen dizkiolako.
Indarkeria matxista, Sevillan. Argazkia: EFE.
44 urteko emakume bat hil da larunbat goizaldean Mairena del Aljarafen (Sevilla), ustez bikotekideak arma zuriz egindako zaurien ondorioz.
Ustezko hiltzailea, 44 urtekoa bera ere, larri dago, ospitalean, arma zuri batez bere buruari zauriak egin omen dizkiolako.
Guardia Zibila bikotearen bizilagunek ohartarazita iritsi da etxebizitzara, oihuak entzun baitituzte. Etxebizitzara sartu ondoren, emakumea hilda aurkitu dute, eta gizona zaurituta.
"Ikerketaren hasierako fasean gaude, baina Guardia Zibila genero-indarkeriak eragindako ustezko hilketa baten hipotesi nagusiarekin ari da lanean", adierazi du Francisco Toscano Espainiako Gobernuaren ordezkariordea Sevillan.
Ikerketako iturrien arabera, ez zegoen genero-indarkeriagatiko salaketarik ustezko erasotzailearen aurka, eta bikoteak gutxienez seme adingabe bat zuen.
Indarkeria matxista kasu bat dela berretsiz gero, aurten genero-indarkeriaren seigarren biktima izango litzateke Andaluzian, eta hogeita bosgarrena Espainian.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri; igande eta jaiegunetan, 09:00etatik 18:00etara). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan; beraz, dei-zerrendatik ezabatu.