Ezkabarteko sutea itzaltzeko lanean jarraitzen dute, euriak zertxobait lagunduta
Hirugarren gauez jarraian, lurreko brigadako ehun kide lanean aritu dira. Zeregin nagusia sutearen perimetroa zaintzea eta garrak berriro ez zabaltzea izan da. Haizea eta iristeko zailak diren guneetako fokuak asko zailtzen ari dira sutea kontrolatzeko lanak, Nafarroako Gobernuko larrialdi zerbitzuen arabera.
Sua itzaltzeko lanean jarraitzen dute Ezkabarten. Argazkia: Europa Press.
Garrek Ezkabarte kiskaltzen jarraitzen dute, sua itzaltzeko lanean ari diren zerbitzuek ezin baitute kontrolatu ostegunean piztutako baso-sutea. Azken orduotan, baina, bilakaera ona izan da, arratsaldean euria egin baitu.
Prezipitazioek foku aktiboen kopurua murrizten lagundu dute, eta tokian tokiko egoera nabarmen hobetu da. Hala ere, suhiltzaileek arreta handiz jarraitzen dute fokuen bilakaera zaintzen, ez baita baztertzen zenbait foku berpiztea haizea ugarituz gero.
Larunbatean, gainera, Nafarroak aireko baliabide gehiago jaso ditu, sua itzaltzeko lanetan laguntzeko, eta operatiboak lanean jarraitzen du sutea behin betiko egonkortzeko.
Hala, egoerak hobera egin arren, sua piztuta dago oraindik, eta, hirugarren gauez jarraian, lurreko brigadako ehun kide lanean aritu dira. Sutearen perimetroa zaintzea eta garrak berriro ez zabaltzea izan dute helburu nagusi. Haizea eta iristeko zailak diren guneetako fokuak asko zailtzen ari dira sutea kontrolatzeko lanak, Nafarroako Gobernuko larrialdi zerbitzuen arabera.
Maria Chivite Nafarroako presidentea Untzuko aginte postu aurreratuan egon da. Bertan adierazi duenez, herriguneak ez daude arriskuan, eta ukatu egin du nekazaritza-lanek piztu izana sua.
Nafarroako presidentearen esanetan, nekazaritza-lanak egiteko murrizketek indarrean jarraitzen dute. Halaber, inguruko herrietako jaietan suak edo piroteknia ikuskizunak ez egiteko gomendioa berretsi du. “Zuhurtasuna eta erantzukizuna eskatzen diegu herritar guztiei”, azpimarratu du.
Foruzaingoak segurtasun-, kontrol- eta laguntza-dispositibo zabala du Makirriainen eta inguruetan, eta Larrialdietako Zuzendaritzarekin, Suhiltzaile Zerbitzuarekin, Babes Zibilarekin eta bertan esku hartzen ari diren gainerako zerbitzuekin koordinatuta ari da lanean.
Bestalde, etxetik irtenarazi zituzten Usi, Anotz eta Nabatz herrietako bizilagunak etxera itzuli dira ostiralean, baina sutetik gertuen dauden guneetarako sarbidea mugatuta dago. Izan ere, larrialdi zerbitzuek berriro eskatu diete herritarrei ez hurbiltzeko sua ikustera edo kuxkuxeatzera, errepideak eta sarbideak libre uzteko.
Suak 400 hektarea baino gehiagori eragin die, eta, lehen orduetan, hiru herritako bizilagunak etxetik atera behar izan zituzten. Ondoren, etxera itzuli ahal izan ziren.
Zure interesekoa izan daiteke
Benta Berriko bizilagunek alokairu babestuko baldintzetan jarraituko dute
Akromatopsia: nolakoa da bizitza zuri-beltzean?
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago izan dira txertaguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera