LURRIKARAK
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Erlojuaren aurka ari dira Venezuelan, lurrikarak izan ostean bizirik egon daitezkeenak erreskatatzeko

Nazioarteko lehen laguntza-taldeak eta baliabide logistikoak iristen eta zabaltzen hasi dira. Bitartean, hildakoen eta zaurituen kopuruak gora egiten jarraitzen du etengabe: azken datuen arabera, 1.000 inguru dira hildakoak eta 3.360 baino gehiago dira zauritutakoak.

Iragarkia
18:00 - 20:00

Venezuelako agintariek 1.000 hildako inguru eta 3.360 zauritu zenbatu dituzte jada, 7,5 eta 7,2 graduko lurrikarak izan ostean, arratsaldean zabaldutako azken datu ofizialen arabera.

Carlos Alvarado Venezuelako Osasun ministroak esan duenez, zauritu arinak dira gehienak, baina badira ebakuntza behar izan duten kasu larriak ere. La Guaira estatuan daude zauritu gehien, eta ospitaleak ozta-ozta ari dira zauritu oldeari aurre egiten.

Agintarien hitzetan, lurrikarak izan ondoren, larrialdietako sistema nazionala aktibatu, eta ospitale publiko eta pribatuen arteko koordinazioa indartu da larrialdiari aurre egiteko. 30 erreplika izan dira, eta La Guairan, Caracasen eta Yaracuyn nabaritu dituzte gehien.

Caracas bisitatu ondoren, Delcy Rodriguez Venezuelako presidente arduraduna Macuto hirian egon da, herrialdearen iparraldeko muturrean, eta La Guairan, lurrikarek gogorren jo duten estatuan.

Larrialdietako taldeen lana eskertu du, erlojuaren kontra ari baitira kaleetan pilatutako hondakinen artean lanean. Bertatik bertara ikusi ditu ehunka azpiegitura eta eraikinek zenbaterainoko kalteak dituzten. 

Bertakoekin hizketan aritu ostean iragarri du iristear dela nazioarteko laguntza humanitarioa "herrialdeko segurtasun taldeen ahaleginak indartzeko". "Nazioarteko laguntza eskatu dugu, eta datozen orduotan hasiko da babesa iristen. Venezuelarren bizitzen gain ditugu jarriak gure desiorik onenak eta gure itxaropen eta otoitz guztiak", esan du.

LURRIKARAK

Bi lurrikara gogorrek Venezuela astindu dute eta, gutxienez, 235 hildako eta 4.300 zauritu utzi dituzte

Agentziak | EITB

Venezuelako agintariek larrialdi egoera ezarri dute, eta nazioarteari laguntza eskatu diote. AEBko Zerbitzu Geologikoaren arabera, hildakoen kopurua 10.000 eta 100.000 artekoa izan liteke.

Iragarkia
18:00 - 20:00

Euskal herritar bat hil da eta bi desagertuta daude

Euskal jatorriko emakume bat hil da ostegunean Venezuelan izandako lurrikaren ondorioz, eta beste bat desagertuta dago, Bilboko Venezuelarren Plataformak Caracasko Euskal Etxeko iturriak aipatuz jakitera eman duenez.

Gainera, EITBk jakin du ez dagoela bizkaitar jatorriko gizon baten berririk. 67 urteko ingeniaria da, eta inguru kaltetuenean desagertu da. Lurrikaren ondorioz erori den 7 solairuko eraikin batean bizi zen, eta etxe barruan zegoen lurrikarak izan zirenean.

Hildakoa Alazne Solabarrieta da, 65 urtekoa. Lurrikarak gertatu zirenean, bere etxean zegoen, senarrarekin batera. Senarra zaurituta dago, erietxe batean.

Venezuela astindu duten lurrikaren azken balantzean, hildakoen artean 5 espainiar daude, eta 119 daude desagertuta

Bestalde, espainiar herritartasuna duten 14 lagun lokalizatuta dituzte, baina hondakinen azpian daude, eta erreskate taldeak lanean ari dira horiek ateratzeko.

Testuinguru horretan, 59 espainiarrez osatutako lehen talde bat Venezuelatik atera dute Defentsa Ministerioak bidalitako hegazkin batean.

Nazioarteko laguntza iristen hasi da

Nazioarteko 17 herrialdek bilaketa- eta erreskate-taldeak bidali dituzte jada, hondakinen artean biktimak bilatzen laguntzeko. Guztira, 25 talde ari dira lanean, 1.000 erreskatatzaile baino gehiago.

Espainiako Defentsa Ministerioaren arabera, Larrialdietarako Unitate Militarreko (UME) A330 hegazkin bat Venezuelan da jada. UMEko 59 militar, Lurreko Armadako 2 ingeniari eta 8 txakur unitate joan dira bertara. "Prest daude berehala lanean hasteko", gaineratu du.

Espainiako Gobernuak hegazkin hori erabiliko du, ziurrenik, Venezuelan blokeatuta dagoen turista espainiar talde bat espainiaratzeko.

Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziak (AECID), gainera, milioi bat euroko pakete bat mobilizatu du, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Federazioaren bidez, lurrikaren ostean sortutako premiazko beharrei erantzuteko.

AEBko Gobernuak, bere aldetik, iragarri du azkar erantzuteko eta laguntza logistikoa emateko taldeak bidali dituela jada, eta hasi direla laguntza humanitarioa banatzen, erreskate taldeak garraiatzen eta kalteak ebaluatzen. Washingtonek 150 milioi dolarreko laguntza iragarri du larrialdi lanetarako.

Asiatik ere hasi dira laguntza humanitarioa bidaltzen. Hala, besteak beste, hondamendi naturalei aurre egiteko baliabideak eta 35 tona sendagai bidali ditu Indiako Aire Armadak bi hegazkinetan. Horrez gain, erreskaterako txakurren unitateak ere bidali dituzte.

Gurutze Gorriaren eta Ilargi Gorriaren Nazioarteko Mugimenduak 54 milioi euro biltzeko deia egin du gaur, Venezuelari laguntzeko asmoz, herrialdearen iparraldea astindu duten lurrikarak direla eta.

Zehazki, bildutako ekarpenak Venezuelako Gurutze Gorriari laguntzeko erabiliko dira, larri kaltetutako 300.000 pertsonari laguntzeko. La Guairan eta Caracasen jarriko dute arreta handiena, toki horiek izan baitira kaltetuenak, erakunde horretatik azaldu dutenez.

Venezuelak nazioarteko herrialdeen elkartasuna eskertu du

Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Kontseiluaren aurrean Venezuelak duen ordezkarik eskerrak eman ditu naziarteko hainbat gobernuk lurrikaren ostean erakutsi duten elkartasunagatik eta helarazitako laguntzagatik.

"Elkartasun material eta moral oro funtsezkoa da une kritiko hauetan", esan du Alexander Yanez Venezuelak NBEn Genevan duen enbaxadoreak. "Lehen 72 orduak erabakigarriak dira bizitzak salbatzeko (...), eta, beraz, bilaketa, erreskate eta salbamendu operazioak areagotu egin dira, gure herrialdera iristen ari den nazioarteko herrialdeen laguntzarekin", azpimarratu du.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X