Abiatzear dira euskararen egiaztatze asimetrikoak (A2/B1, B1/B2, B2/C1...): Zer dira eta nola egiaztatu ahal izango dira?
Eusko Jaurlaritzak urritik aurrera hizkuntza-trebetasunen arabera gaitasun-mailak egiaztatzeko aukera emango duen eredu berria jarriko du martxan.
Euskara egiaztatzeko sistemak iraultza txiki bat biziko du udazkenean. Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak euskararen ezagutzaren egiaztapen-eredu berria onartu du gaur, eta urriko deialditik aurrera izango da indarrean. Hortaz, udazkena ezkero, egiaztapen asimetrikoak ere eskainiko dira.
Urriak berritik ekarriko du, beraz; izan ere, gaitasun-atal batean hizkuntza-maila bat egiaztatu ahal izango da, beste batean bestelako maila bat izanda ere.
Sistema berria
Gogoratu egin behar da orain arte hizkuntza-maila bat egiaztatzeko (A2, B1, B2, C1 eta C2, Erreferentziazko Europako Markoaren arabera) maila bera egiaztatu behar zela lau eremuetan: irakurmenean, entzumenean, idazmenean eta mintzamenean. Sistema ohikoa izan da euskara egiaztatzeko, eta ohikoa da hizkuntza gehienak egiaztatzeko.
Hala ere, badira bi hamarkada baino gehiago adituak zalantzan jartzen hasi zirela pertsona batek hizkuntza-trebetasun guztietan maila bera izan behar duen ideia. Asimetrikotasuna Erreferentziazko Europako Markoarekin erabat bateragarria da, eta ildo hori pisua irabazten joan da. Udazkenean euskararen egiaztatze-sistemara helduko da.
Urritik aurrera, egiaztatze asimetrikoek aukera emango dute trebetasun guztietan maila bera izan beharrik gabe ahozko zein idatzizko gaitasunak egiaztatzeko. Horrela, inork idatzizkoan eta ahozkoan maila desberdinak baditu, gaitasun horiek modu zehatzagoan aitortu ahal izango dira.
Adibidez, pertsona batek B1 maila izan dezake irakurmenean eta idazmenean, baina B2 maila entzumenean eta mintzamenean. Sistema berriarekin, errealitate hori egiaztatu ahal izango da.
Onartuko diren egiaztatzeak
Momentuz, honako egiaztatze hauek eskainiko dira: A2/B1 (irakurmena eta idazmena, A2; entzumena eta mintzamena, B1); B1/B2 (irakurmena eta idazmena, B1; entzumena eta mintzamena, B2); B2/C1 (irakurmena eta idazmena, B2; entzumena eta mintzamena, C1); eta C2/C1 (irakurmena eta idazmena, C2; entzumena eta mintzamena, C1).
Eusko Jaurlaritzak adierazi duenez, “sistema berri honek abiapuntu argi bat du: pertsona guztiek ez dituzte hizkuntza-gaitasunak modu berean garatzen, eta egiaztapen-sistemak errealitate horri erantzun egin behar dio”.
Egiaztatze partzialak
Horrekin batera, egiaztatze partzialak onartuko dira, desgaitasunen bat dutenei egokitutako egiaztatze-sistema. Desgaitasunen bat izatekotan, eta, horren ondorioz, trebetasun jakin bat ezin bada jorratu edo egiaztatu, sistema horren bidez egiteko aukera zabalduko du Jaurlaritzak. Kasu horietan idatzizko eta ahozko trebetasunak soilik egiaztatzeko aukera emango da.
Horrela, entzumen-desgaitasuna duenak entzumena ebaluatu ezin badu, idatzizko trebetasunetan duen gaitasuna egiaztatu ahal izango du. Era berean, bestelako desgaitasun edo behar berezien ondorioz trebetasun jakin bat ebaluatu ezin den kasuetan ere, idatzizko edo ahozko gaitasunak egiaztatzeko aukera izango da.
Eusko Jaurlaritzak azaldu dutenez, “neurri honen helburua da euskara egiaztatzea irisgarriagoa izatea eta pertsona guztiek beren gaitasunak aitortzeko aukera izatea”.
Hortaz, ohiko egiaztatzeez harago, azterketa gainditzen dutenek egiaztatutako gaitasunen araberako ziurtagiria jasoko dute. Egiaztatze asimetrikoen kasuan, ziurtagiriak jasoko du zein maila egiaztatu den irakurmenean eta idazmenean, eta zein maila entzumenean eta mintzamenean.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera