Osakidetzan artatutako Gazako haurra egonkor dago, lehen balorazioak egin ondoren
Pazienteak sortzetiko begi-patologia du, eta ikusmen-gaitasunari eragiten dio. Lehen probak egin ondoren, adituak pronostikoa hobetzeko esku hartzeko aukeraren alde egitekotan daude. Euskal osasun-sistemak 28 gazatar artatu ditu dagoeneko.
Gazako Zerrendatik Gasteizera asteazken honetan iritsi den 2 urteko haurrari lehen balorazio medikoa egin diote Arabako Unibertsitate Ospitalean (Txagorritxu), eta talde medikoaren arduradunek adierazi dutenez, pazientea egoera kliniko egonkorrean dago, lehen balorazioen ondoren.
Adingabea Oftalmologiak baloratu du, eta bihar Pediatriak eta Anestesiologiak ere ebaluatuko dute. Zerbitzu horiek guztiek definituko dute asistentzia-planik egokiena, Eusko Jaurlaritzak ohar baten bidez jakitera eman duenez.
Ricardo Cocco, Osakidetzako oftalmologoak Arabako ESIan azaldu duenez, pazienteak sortzetiko begi-patologia du, eta, horrek ikusmen-gaitasunari eragiten dio. Egindako lehen proben ondoren, positiboki baloratu dute pronostikoa hobetzeko esku hartzeko aukera.
Bestalde, Conchi Salado pediatrak adierazi duenez, balorazio orokorra egingo dute, kirurgia hori ahalik eta berme handienarekin egin dadin, haren osasun egoera eta nutrizio egoera aztertutakoan. Horrez gain, adin txikikoaren txertaketa-egutegia baloratuko dute, eta sortzetiko katarata horren arrazoiak topatzen saiatuko dira.
Era berean, Ana Soto anestesiologoak adierazi duenez, pazienteak interbentzio kirurgikorako baldintza egokiak betetzen dituela bermatzeko balorazio preanestesikoa egingo dute. Hasiera batean, orain arteko datuak ikusita, dena bide onean doa.
Balorazio horiek egin ondoren, begi barruko lente bat ezartzeko aukera aztertuko da, eta balizko ebakuntzaren egutegia zehaztuko da.
Paziente horrekin, euskal osasun-sistemak 28 gazatar artatu ditu dagoeneko, eta Arabako ESIa eta Gasteiz lehen aldiz sartu dira osasun-elkartasuneko sare horretan. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak agerian utzi dute nazioarteko osasun-lankidetzarekiko eta erantzun humanitarioarekiko konpromisoa dutela.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera