Euskadin 1970az geroztik izandako ekainik beroena izan da, ezohiko bero-bolada baten ondorioz
Muturreko beroa batez ere ekainaren 21etik 27ra bitartean izan zen. Bero-bolada horrek 44 °C-tik gorako tenperatura maximoak utzi zituen Euskal Herriko hainbat txokotan, baita hainbat gau tropikal ere. Egoera hain izan zen larria, EAEn 39 alerta meteorologiko baino gehiago aktibatu baitziren; horien artean, 3 alarma gorri.
Euskadin sekula izan den ekainik beroena erregistratu da 1970etik, orduan modernizatu baitzen EAEn datu meteorologikoak jasotzeko sistema. Euskalmeten balantzearen arabera, 2022ko eta 2023ko errekorretan erregistratutakoa baino 0,6 gradu zentigradu gehiago izan dira EAEn. Gainera, tenperatura altuez gain, hilabete hau XXI. mendeko lehorrenetakoa izan dela ere adierazi dute.
Agentziak hilabetea bi etapa oso ezberdinetan banatu ditu. Hilabetearen lehenengo erdian egun hotzak eta beroak tartekatu ziren, baina ekainaren 13tik aurrera termometroek behin betiko gorakadari ekin zioten. Benetako inflexio-puntua, ordea, ekainaren 21etik 27ra bitartean gertatu zen, muturreko beroaldi ezohiko bat abiatu baitzen.
Bero-bolada horrek aurrekaririk gabeko bi mugarri klimatologiko ezarri zituen: ekainean sekula erregistratutako beroaldirik luzeena izan zen eta, era berean, historiako bigarren bortitzena Euskadin urteko edozein garaitarako.
Hilaren 21ean termometroek erraz izan ziren 40 graduetatik gora txoko askotan, eta egoerak okerrera egin zuen nabarmen 24an, Euskalmeten sareko estazioen erdiek langa hori gainditu zuten egunean. Zehazki, 44,1 gradu erregistratu ziren Sodupen, 43,2 Laudion eta 43,1 Galdakaon.
Gau tropikalak
Gaueko tenperaturak salbuespenezkoak eta oso altuak izan ziren; hain zuzen ere, ekainaren 22ko eta 24ko minimoen batezbestekoa EAEn historian sekula izan den altuena izan da, 2003ko abuztuaren 4ko errekorra gainditu zuen eta. Kalimak eta hezetasunak, gainera, muturrera eraman zuten sargori-sentsazioa.
Prezipitazio gutxi izan ziren, oro har, eta euri-egunen kopurua ohikoa baino askoz txikiagoa izan zen.
Hilabetea amaitzeko, eguraldi-aldaketa bortitza gertatu zen ekainaren 27ko eta 28ko arratsalde-gauetan, ekaitz-boladak izan baitziren.
Abisu eta alerta meteorologikoak
Hilabetearen bigarren erdian 24 abisu hori aktibatu ziren, prezipitazio handien, tenperatura altu iraunkorren, muturreko tenperatura altuen eta baso-suteen arriskuaren ondorioz.
Horrez gain, 12 alerta laranja ezarri ziren (tenperatura altu iraunkorrengatik, muturreko tenperatura altuengatik eta baso-suteen arriskuagatik) eta 3 alarma gorri muturreko tenperatura altuengatik.