Gipuzkoako Foru Aldundiak enplegu publikoko 281 plaza deitu ditu 18 hautaketa-prozesu berritan
Azterketak 2027ko urtarrilaren 11tik aurrera egingo dira, eta salbuespen bakarra egongo da: kanpainetan laguntzeko erdi-mailako teknikari lanpostuetarako azterketan, hain zuzen ere. Azterketa hori abenduaren 1etik aurrera deitu ahal izango da.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak astelehen honetan onartu ditu 281 enplegu publikoko plaza betetzeko 18 hautaketa-prozesu berri arautzeko oinarriak eta deialdiak. Irune Berasaluze foru bozeramailearen hitzetan, deialdi horren helburua da " langile berriak pixkanaka eta modu egonkorrean sartzeko bidean aurrera egiten jarraitzea eta foru plantillaren belaunaldien arteko erreleboari ekitea".
Berasaluzeren arabera, Aldundia ziklo historikoaren aldaketa batean murgilduta dago; izan ere, "hamarkada bakar batean, langileen ia erdiak, 1.000 pertsona inguruk, erretiroa hartuko du, eta ezinbestekoa da berrikuntza planifikatua bermatzea".
Eskainitako plazen artean nabarmentzen da 153 administrari plazen deialdia; horietatik 150 Gipuzkoako Foru Aldundiari dagozkio eta beste hiru Gipuzkoako Batzar Nagusiei, bi erakundeek hautaketa-prozesu hau elkarrekin garatzeko sinatutako lankidetza-hitzarmenari esker.
Ohiko prozedurarekin jarraituz, prozesuak onartu ondoren, deialdiak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) argitaratuko dira, eta une horretatik aurrera izena emateko epea irekiko zaie hautagaiei. Epe hori dagokion iragarkia Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) argitaratu eta hogei egun baliodunera amaituko da .
Berasaluzeren arabera, lehenengo azterketak ez dira 2027ko urtarrilaren 11 baino lehen hasiko. Salbuespen bakarra kanpainetan laguntzeko erdi-mailako teknikarien hautaketa-prozesua izango da, 2026ko abenduaren 1etik aurrera deitu ahal izango direna.
Deitutako plazen zerrenda
- Albaitaria: plaza 1
- Administrazio Orokorreko teknikaria: 47 plaza
- Arkitektoa: 4 plaza
- Artxiboko goi-mailako teknikaria: plaza 1
- Berdintasuneko goi-mailako teknikaria: plaza 1
- Ekonomialarigoi-mailako Teknikaria: 6 plaza
- Kalitate Demokratikoko goi-mailako teknikaria: 3 plaza
- Liburutegiko goi-mailako teknikaria: 3 plaza
- Arkitekto teknikoa: 7 plaza
- Erizaina: 6 plaza
- Informatikako erdi-mailako teknikaria: 2 plaza
- Instalazioetako erdi-mailako teknikaria: 3 plaza
- Nekazaritzako erdi-mailako teknikaria: 4 plaza
- Kanpainetan laguntzeko erdi-mailako teknikaria: 7 plaza
- Administraria: 153 plaza
- Sarjentua: 8 plaza
- Kaboa: 19 plaza
- Zaintzailea: 9 plaza
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera