Beroagatik ezarritako alerta abisu horira jaitsi dute EAEn; Nafarroa erdialdean eta Iparraldean alerta mailari eutsiko diote
Arabak alertapean jarraituko du baso sute arriskuagatik. Abisu maila gorabehera, sargori egiten jarraituko du: maximoak 30 ºC-koak izango dira kostaldean, eta 37-38 ºC-koak, barnealdean. Astelehenean behera egingo dute tenperaturek.
Hainbat lagun dutxa hartzen, Ondarretako hondartzan. Argazkia: EFE
Beroagatik astebururako EAEko barnealdean ezarritako alerta laranja abisu horira jaitsi du Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak. Bere horretan jarraituko du, ordea, Araban baso sute arriskuagatik ezarritako alerta laranjak. Nafarroan, beroagatik abisupean daude gaur, eta iganderako alerta laranja ezarriko dute Foru Erkidegoaren erdialdean. Ipar Euskal Herrian alerta laranja dago ezarrita asteburu osoan, 30-36 ºC-ko maximoak espero baitira.
Alerta maila jaitsi izanagatik, sargoriak ez du etenik izango. Gaur abisu horia izango da indarrean EAE osoan, muturreko tenperatura oso altuengatik eta tenperatura altu iraunkorragatik. Kostaldean, 20 gradu ingurukoak izango dira minimoak, eta 30 ºC-rainokoak, maximoak. Barnealdean 36 ºC-ren langa gaindi daiteke.
Nafarroa osoa ere abisupean egongo da, eta maximoak 36-37 ºC artekoak izango dira Pirinioetan eta Kantauri isurialdean, eta 38 gradukoak, erdialdean eta Erriberan. Ipar Euskal Herrian, Meteofrancek alerta maila laranja ezarri du: kostaldean 30 graduko maximoak edukiko dituzte, eta 36 gradukoak, barnealdean.
Igandean beroarengatik ezarritako abisu horiek segida izango dute. Termometroa 34 ºC-ra igoko da kostaldean, eta 35-36 ºC-ra, Araban. Bizkaiko eta Gipuzkoako barnealdean, maximoak are gehiago igoko dira, 37 ºC-ra arte. Nafarroan, abisupean izango dira ia lurralde osoan. Erdialdean, baina, alerta laranja aktibatuko dute, maximoak 39 ºC-ra irits baitaitezke.
Gainera, bihar, 17:00etatik aurrera, beste abisu hori bat egongo da, prezipitazio handiengatik, eta kazkabarra egin dezakeelako, bereziki mendebaldean, eta 60 eta 90 km/h arteko haize-bolada bortitzengatik.
Astelehenerako Araban bakarrik izango dira beroagatik ezarritako abisuak. Nafarroan, Erribera izango da abisupean izango den gune bakarra. Izan ere, Euskalmeten iragarpenaren arabera, tenperaturak behera egingo du. Maximoak 30 ° C-tik behera egongo dira kostaldetik gertu; barnealdean ez du horrenbeste epelduko. Meteofrancek ez du abisurik ezarri Iparraldean.
Alerta laranja baso suteen arriskuagatik Araban
Araba alerta laranjan egongo da asteburu osoan baso suteen arriskuagatik (12:00etatik 20:00etara). Arriskua handia da lurralde horretan, tenperatura altuak eta uztarekin lotutako nekazaritza lanak direla eta. Gipuzkoa ere abisupean egongo da arrazoi horrengatik. Kasu honetan, arriskua ertaina da, tenperatura altuak eta hegoaldeko haizearen intentsitatea direla eta, batez ere igande goizean.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera