Kongresuak Mendekotasunaren Lege berria onartu du, eta Estatuaren finantzaketa areagotu egingo da
Alderdi guztiek, Voxek izan ezik, lege berria onartu dute. Eskubideak, zerbitzuak eta prestazioak zabaltzea aurreikusten du arau berriak.
Kongresuak, gehiengoz, Voxen aurkako botoekin eta PPren abstentzioarekin, onartu egin du mendekotasunari eta desgaitasunari buruzko legeen erreforma. Erreforma horrek eskubideak, zerbitzuak eta prestazioak zabaltzea aurreikusten du, eta, gainera, legez bermatuko du Estatuak mendekotasun-sistemaren finantzaketaren % 50 bere gain hartuko duela. Bai EAJ bai EH Bildu pozik agertu dira onarpenarekin, bi alderdiek egindako ekarpenak txertatu baitira testuan.
179 aldeko boto, 33 aurkako eta 137 abstentziorekin, bi legeak erreformatuko dituen testua astearte honetan onartu da, eta Senatura bidaliko da. Horrez gain, onartu egin da 2026 eta 2027 artean mendekotasunaren Estatuko finantzaketari 6.200 milioi euroko partida gehitzeko lege-dekretua, zenbateko hori autonomia-erkidegoen artean banatzeko. Neurri horrek PPren babesa jaso du.
Eskubide Sozialen ministro Pablo Bustinduyk nabarmendu zuen, onarpena eta gero, erreformak sistemaren "eraldaketa sakona" dakarrela, bai zaintza jasotzen dutenen, bai zaintza ematen dutenen beharrei erantzuteko, haien autonomia bermatzeko.
Finantzaketan hobekuntza
Legea onartuta, Estatuak mendekotasun-sistemaren finantzaketaren % 50 bere gain hartzeko konpromisoa jaso da. Euskal erakundeek garrantzi handia ematen diote gai horri.
Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek gaur arratsaldean aurkeztuko dute Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoan adostutako akordio bat, mendekotasunaren finantzaketarekin lotua. Orain arte, mendekotasunaren arloko gastuaren zatirik handiena euskal erakundeek hartu dute beren gain.
Espainiako Gobernuak 2025ean, Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoan, konpromisoa hartu zuen euskal administrazioaren mendekotasun-gastuaren erdia bere gain hartzeko. Gaur aurkeztuko den akordioak konpromiso hori betetzen du; izan ere, legean bertan jasota dago.
Duela aste batzuk, Ministroen Kontseiluak handitu egin zuen Gobernuak mendekotasun-maila aitortua duten pertsona bakoitzeko autonomia-erkidegoei transferitzen dien zenbatekoa. Espainiako Gobernuak 179 milioi euro gehiago transferituko dizkio Euskadiri 2026 eta 2027 artean.
EAJren ekarpenak
EAJk, legearen onarpenaren balorazio positiboa egin arren, gogorarazi du lege-proiektua taldearen osoko zuzenketa batekin hasi zela, bi arrazoirengatik: finantzaketa eta eskumen-esparrua errespetatzea.
"Lege-proiektuak eskumenen arloko egokitzapen hobea jasoko du. Finantzaketari buruzko konpromiso politikoa dago, eta, gainera, onartutako zuzenketei esker hobekuntza garrantzitsuak txertatu dira", adierazi zuen Maribel Vaquero EAJren bozeramaileak, erreforma onartu ondoren.
Mendekotasunaren Legean jasotako hobekuntzen artean, Vaquerok nabarmendu zituen zaintzaileari emango zaion laguntza ekonomikoa, mendekotasuna duen pertsona bere ohiko ingurunean bizitzen jarraitzeko neurriak, eta zaintza ematen duena ospitaleratuta edo gaixotasun larria duenean zaintzaren jarraitutasuna bermatzea.
EH Bilduren 20 zuzenketak
EH Bilduk, berriz, adierazi zuen onarpenaren ostean legea "ez dela perfektua, baina aurrerapauso bat" dela. Koalizio subiranistak 20 zuzenketa txertatu ditu Kongresuan onartutako testuan.
Txertatutako aurrerapenen artean daude, besteak beste, "mendekotasunaren balorazioa egiteko gehienez hiru hilabeteko epea", "laguntza pertsonala eskubidetzat aitortzea eta sarbidea zabaltzea", eta "bizimodu independentean, gardentasunean, genero-ikuspegian eta zaintzaileen lanaren aitortzan egindako aurrerapenak".
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera