BASO-SUTEA NAFARROAN
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Baso-sute batek sei hektarea inguru erre ditu Elbeten

Sua larunbat goizaldean piztu da, eta sastrakadiari eta uztondoei eragin die batez ere; pinudi batzuk ere hartu ditu. Ez da etxebizitzarik hustu behar izan, eta ez da inor zauritu.

Nafarroako suhiltzaileak Baztango Elbete herrian larunbat goizaldean piztutako baso-sutea itzaltzeko lanetan ari dira.

Sua 07:00ak aldera piztu da, eta batez ere sastrakadi baxuko eta uztondoetako eremuei eragin die, baita pinudi batzuei ere, Guardia Zibilak jakinarazi duenez. Kaltetutako azalera oraindik zehaztu ez badute ere, lehen kalkuluen arabera, sei hektarea inguru erre dira.

Sua kontrolatzeko eta itzaltzeko lanetan, suhiltzaileek ibilgailu arin bat, bi motoponpa-kamioi eta aireko baliabideak dituzte, helikopteroak tartean.

Horrez gain, Guardia Zibilaren Herritarren Segurtasuneko eta Sepronako patruilak bertaratu dira, laguntza logistikoa emateko eta sutearen perimetroa mugatzeko.

Oraingoz, ez da etxebizitzarik hustu behar izan, eta ez da kalte pertsonalik izan. Larrialdi-zerbitzuek bertan jarraitzen dute lanean, sua kontrolatu eta erabat itzaltzeko.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X