Beroa eta haizea suak itzaltzea zailtzen ari dira Zamora, Madril, Avila eta Castellon
Gauean zehar bilakaera positiboa izan den arren, suak itzaltzeko lanak oztopatzen ari da beroaldia, batez ere Zamoran. Madrilgo, Avilako eta Castelloko suteek aktibo jarraitzen dute, baina dagoeneko perimetratuta daude. Suteengatik ezarritako larrialdi nazionala bertan behera gelditu dela iragarri du Espainiako gobernuburuak.
Fermoselleko (Zamora), Madrilgo, Avilako eta La Vall d'Uixoko (Castello) baso-suteek gauean zehar bilakaera positiboa izan dute. Gaur, osteguna, tenperatura altuek, haize-boladek eta suteak izateko muturreko arriskuak markatuko dute eguna .
Zamoran, sua itzaltzeko zerbitzuek ez dute aurreikusten gaur sua erabat menderatzea. Horri dagokionez, Mariano Rodriguez Ingurumeneko Lurralde Zerbitzuaren buruak ohartarazi du arriskua handia dela oraindik, "haize-boladak" direla eta.
Hego eta mendebaldeko fronteei dagokienez, lau sektore aktibo daude oraindik, Zamorako Ingurumen arduradunak zehaztu duenez. "Aurreikuspen klimatikoak oso txarrak dira, eta ezin gara baikorrak izan", nahiz eta "arriskua nabarmen murriztu" den.
Bestalde, Madrilgo Erkidegoko mendebaldeko mendilerroan, sutearen perimetroa finkatzen eta gune beroak freskatzen aritu dira gauean zehar. Sua egonkortuta eta sugarrik gabe dagoen arren, Gobernuko Ordezkaritzak ohartarazi du bero-boladak arriskua muturreko mailetara igoaraziko duela, eta foku berrien gaineko zaintza maximoa mantentzera behartzen duela, bereziki Cofio ibaiaren inguruan.
Avilako sutea "teknikoki egonkortuta" dagoela jakinarazi dute. 50.000 hektarea erre ditu.
Suteengatik ezarritako larrialdi nazionala, bertan behera
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak, ostegun honetan, iragarri du suteengatik ezarritako larrialdi nazionala bertan behera gelditu dela, Madrilgo Erkidegoko eta Gaztela Leongo agintariekin eta teknikariekin elkarlanean aritu ostean. Halaber, Avilako eta Madrilgo suteen larrialdi maila apaltzea erabaki dute (bigarren mailara).
La Vall d'Uixoko suteak seigarren eguna du gaur
Bestalde, joan den larunbatean La Vall d 'Uixon (Castello) piztutako suteak seigarren eguna du gaur. Dagoeneko perimetratuta dago, baina oraindik kontrolatu gabe jarraitzen du.
9.300 hektarea kiskali ditu eta 84 kilometroko perimetroa du. 14 udalerritako, hiru urbanizaziotako eta alkate-auzo bateko bizilagunek ebakuatuta jarraitzen dute, aireko baliabideak itzaltzeko lanetan berriro hasteko zain.
Zure interesekoa izan daiteke
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langile baten kaleratzea berretsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak