Elikagai bankuetako erabiltzaileen narriadura fisiko eta mentala agerian utzi du Nafarroan egindako ikerketa batek
Nafarroako Elikagaien Bankuen Fundazioak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak bultzatutako ikerketa baten arabera, elikagaiak jasotzen dituzten erabiltzaileen eta gainerako herritarren arteko osasun arrakala "sakona" da.
Elikagaien Bankua. Artxiboko argazkia: EFE
Pobreziak hozkailua hustu ez ezik, osasuna okertu egiten du. Hori da Nafarroako Elikagaien Bankuen Fundazioak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak bultzatutako ikerketa batetik ateratako ondorio nagusienetakoa. Healthcare nazioarteko zientzia aldizkarian argitaratutako ikerketa horretan Elikagai Bankuetako erabiltzaileen osasuna eta bizi kalitatea aztertu dute.
Ikerketk agerian utzi du elikagaiak jasotzen dituzten erabiltzaileen eta gainerako herritarren arteko osasun arrakala "sakona" dela.
Erabiltzaileen % 62,9k antsietatea edo depresioa pairatzen dutela adierazi dute, Nafarroako biztanleen kasuan kopuru hori % 22ra jaisten da. Halaber, erabiltzaileen erdiak baino gehiagok (% 55,7) mina dute; Nafarroako batezbestekoa hogei puntu baxuagoa da.
Halaber, eguneroko jarduerak egiteko muga handiagoak dituzte, mugikortasun arazo gehiago eta osasun egoeraren autopertzepzio okerragoa. Nafarrek beren osasunari 88,1eko nota jartzen diete (100etik) eta elikagaia bankuetako erabiltzaileak ozta-ozta iristen dira 73,5 puntura.
Ikerketa aitzindaria Estatuan
EQ-5D-5L nazioarteko galdetegia erabilita elikagaien bankuetako erabiltzaileen osasuna eta bizi kalitatea aztertu duen lehen aldia da Estatu mailan. Nafarroako Gobernuak ere tresna bera erabiltzen du biztanleria orokorraren osasuna neurtzeko eta horri esker posible izan da konparaketa egitea.