Asparrena eta Ezkabarte herriak baso-suteek larriki kaltetutako eremu izendatu dituzte
Izendapenak aukera emango die herritarrei, enpresei eta erakunde publikoei ezohiko laguntza ekonomikoak eta zerga onurak eskuratzeko.
Espainiako Gobernuak larrialdi katastrofikoek kaltetutako eremu izendatu ditu Asparrena (Araba) eta Ezkabarte (Nafarroa) udalerriak. Izendapenak aukera emango die herritarrei, enpresei eta erakunde publikoei ezohiko laguntza ekonomikoak eta zerga onurak eskuratzeko.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri du neurria, eguerdian eman duen prentsaurrekoan. Jakinarazi duenez, martxoaren 31tik uztailaren 27ra bitartean izandako 211 hondamendi —gehienak, baso-suteak— izandako eremuak larriki kaltetuak deklaratu dituzte. Orotara, 14 erkidego daude zerrendan.
Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, ekainaren 23an Asparrenako Galarreta mendian izandako sutea hartu da aintzat. Tximista baten ondorioz piztu zen sua, eta hainbat egun eman zituzten itzaltzeko. Kalteak handiak izan ziren.
Nafarroan, berriz, ekainaren 26an Ezkabarten piztutako sutea ageri da Espainiako Gobernuaren zerrendan. Ezkaba mendian izandako baso-sutean, 400 hektarea lur baino gehiago erre ziren, eta hiru herri hustu zituzten, badaezpada.
Laguntza ekonomikoak eta hobari fiskalak
Hondamendi katastrofikoek larriki kaltetua izendatzeak aukera zabalduko die kaltetutako herritarrei, enpresei eta erakunde publikoei Barne Ministerioak emango dituen ezohiko laguntzak jasotzeko.
Besteak beste, etxebizitzetan, lokaletan, enpresetan zein herrietako zerbitzu publikoetan izandako kalteak konpontzeko izango dira laguntzak, eta, horrez gain, zerga onurak ere aktibatuko dira.
Baso-suteek 170.000 hektarea baino gehiago kiskali dituzte Espainiako Estatuan aurten, 2025ean aldi berean erretako azalera baino sei aldiz gehiago.
Zure interesekoa izan daiteke
EAEko hiriburuak, balizko istiluen beldur
12 atxilotu Baionan, bizitzaren garestitzea salatzeko protesten hirugarren larunbatean
Euskadiko sahararrak ospakizun betean, NBEk Minurso misioa berritzerik izan ez duelako
Elkarretaratzea Gobelan, Romo FC klubeko entrenatzailea sexu-askatasunaren aurkako delituengatik kartzelara bidali ondoren
Bilbo, Donostia eta Gasteiz blindatu dituzte, Blocusek txikizioa egiteko egindako deialdien aurrean