Busturialdeko eta Lea-Artibaiko 21 udalerritako ur-kontsumoa mugatzea gomendatu dute
Ajangiz, Arratzu, Bermeo, Busturia, Ea, Elantxobe, Gernika-Lumo, Forua, Gautegiz-Arteaga, Ibarrangelu, Kortezubi, Mendata, Mundaka, Murueta, Muxika, Sukarrieta, Ispaster, Berriatua, Etxebarria, Markina-Xemein eta Ondarroa dira ur-eskasiak kaltetutako herriak.
Busturialdeko eta Lea-Artibaiko 21 udalerritan funtsezkoak ez diren jardueratarako ur-kontsumoa mugatzea gomendatu du Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, eta herritarrei eskatu die ura zentzuz erabiltzeko. Azken asteotako tenperatura altuen eta euri eskasiaren ondorioz, eskualde horiek hornitzen dituzten ibilguek ur-maila baxua dutelako zabaldu dute gomendioa.
Agiri batean, Bizkaiko uren sarea kudeatzen duen erakundeak udalei eskatu die ur-kontsumoa mugatzeko neurriak hartzeko, besteak beste, kaleak garbitzean eta lorategiak ureztatzean, eta jarduera hauek debekatu ditu: igerileku pribatuak betetzea, lorategi eta baratzeak ureztatzea, ibilgailuak garbitzea eta gune pribatuak urarekin garbitzea. "Horren guztiaren helburua da neurri zorrotzagoak ez hartzea eta, bide batez, hornidura aldi baterako eten behar ez izatea", dio idatziak.
Honako udalerri hauek jaso dute gomendioa: Ajangiz, Arratzu, Bermeo, Busturia, Ea, Elantxobe, Gernika-Lumo, Forua, Gautegiz-Arteaga, Ibarrangelu, Kortezubi, Mendata, Mundaka, Murueta, Muxika, Sukarrieta, Ispaster, Berriatua, Etxebarria, Markina-Xemein eta Ondarroa.
Partzuergoaren arabera, herri horiek hornitzen dituzten arroetako batzuk —Oka, Lea eta Artibai— "egiturazko eskasia egoeran" gelditu dira, luzaroan euririk egin ez duelako.
Nolanahi ere, zehaztu dute Bizkaiko zatirik handiena hornitzen duten Zadorra sareko urtegiak "normaltasun mailan" daudela, % 71tik gorako edukierarekin.
Hori dela eta, erakundeak herritar guztiei eskatu die jarduera pribatuan ura arduraz erabiltzeko.
Emandako datuen arabera, azken hamarkadan Bizkaian herritarren ur kontsumoa jaitsi egin da; egunean 122 litrokoa izatetik, 97-105 litrokoa izatera igaro da.
Zure interesekoa izan daiteke
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langile baten kaleratzea berretsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak